Iñaki Rikarte gasteiztarrak idatzi eta zuzenduko duen Quitamiedos obraren estreinaldiarekin abiatuko da Gasteizko 44. Nazioarteko Antzerki Jaialdia, urriaren 3an. Jesus Barranco eta Luis Moreno aktoreak jarriko ditu taula gainean, "anekdota soilenetik hasita", antzerki-jolasa eta metaforarekin, bizitza, heriotza edota maitasuna jorratu nahi dituen ikuskizun poetikoak.
Honen ostean, abendura bitarte, bertoko eta nazioarteko arte eszenikoetako sorta oparoa aurkeztuko ditu jaialdiak Principal antzoki nagusian, eta Federico Garcia Lorca, J. Ibañez de Matauko, Felix Petite antzokietan eta Montehermoso kulturunean.
Dantzak hartuko du lekua urriaren 5ean, Kanadatik datorren Marie Chouinard artistak zuzendutako konpainiaren lanarekin; Le jardin des délices lana aurkeztuko du, Boscoren triptiko ospetsua oinarri. Erdi Aroko olio-pinturaren bertsio dantzatuak bertako pertsonaiak mugiaraziko ditu, bideo-proiekzioetan eta kantu gregoarianoei elektronika erantsita. Kanadatik helduko da, baita ere, Ballet Jazz Montreal, dantza garaikideko ikuskizunarekin, azaroaren 2an.
Kubako iraultzaren bitartez bidaia egiten duten lau gazte aurkeztuko ditu Granma lanak, Alemaniako Rimini Protokoll taldearen eskutik. Ari Benjamin Meyers konpositoreak eta lau tronboik lagunduta, musika-bidaia iraultzailea egingo dute urriaren 9an, Principalen.
Juan Mayorga Espainiako antzerkigile entzutetsuaren azkeneko lana ikusteko aukera ere izango da urriaren 10ean. Magia eta ilusionismoa tartekatuko ditu, Maria Galiana, Jose Luis Garcia Perez eta Ivana Heredia aktoreen eskutik, El mago lanean.
Royal Shakespeare Company munduko konpainia errespetatu eta ezagunetakoa ere izango da Gasteizko Antzerki Jaialdian, urriaren 15ean, Measure for measure obrarekin. Gregory Doran zuzendari artistikoak zuzendu du 1600. urtean Shakespearek idatzitako obra hau.
Larrua proiektuari esker, Otsoa dantza ikuskizuna helduko da urriaren 17an; gaur egun aktibo dauden eta egitura piramidala duten hainbat gizarte-mugimenduri egindako kritika aurkeztuko dute Miguel Ballabriga, Helena Wilhelmsson, Aritz Lopez, Begoña Martin eta Maddi Muñoz interpreteek.
Gasteizko tauletan hutsik egiten ez duen Tanttaka taldea ere igaroko da aurten Utzi mezua seinalearen ondoren lanarekin. Maitasunari, bakardeari eta mugikorren garaietako komunikazioari eskainitako begirada, zirrara eta umorez betea. Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz izango dira oholtzan, urriaren 22an (euskaraz) eta 23an (gaztelaniaz), Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.
Stefano Massini autorearen Lehman trilogy urriaren 24an aurkeztuko dute Principalen, Barco Pirata konpainia eta Sergio Peris-Menchetak zuzenduta. Azken hamarkadetako krisi ekonomiko, etiko, sozial larriena ekarri zuen Lehman Brothers bankuaren erortzea taula gainean jarriko dute Aitor Beltran, Dario Paso, Litus, Pepe Lorente, Leo Rivera eta Victor Clavijo aktoreek. "Artisau-lana, eskuz josita eta pozez gainezka, gozamena da ikustea", nabarmendu du Marcos Ordoñez antzerki kritikoak.
Portugaletik, bestetik, Companhia do Chapito konpainiak Electra aurkeztuko du, urriaren 30ean. Tragedia grekoa, familia gatazka, komedia ikutu handiarekin, Jose Carlos Novoa eta Claudia Novoak zuzenduta.
La Manadari egindako epaiketaren transkribapenetik abiatuta, bestalde, biktimaren eta biktimarioaren buru barrura bidaiatzeko aukera ekarriko du El Pavon-Kamikaze konpainiak Jauría obrarekin, urriaren 31n. Iphigenia en Vallecas arrakastatsuaren ondoren, obra honen protagonista da berriz ere Maria Hervas aktorea, Fran Cantos, Pablo Bejar, Martiño Rivas, Ignacio Mateos eta J.Morarekin batera.
Peter Brook
Antzerki zuzendari apartenetako bat ere izango du aurten jaialdiak: Peter Brook. "Zergatik antzerkia? Zertarako balio du? Zer da?". Galdera horiek eta beste asko eramango ditu soinean, bidaia dramatiko eta alaian, Theatre des Bouffes du Nord konpainiarekin, Why? obran. Hayley Carmichael, Kathryn Hunter eta Marcello Magnni izango dira taula gainean, azaroaren 7an eta 8an. Ingelesez aurkeztuko dute, gaztelaniazko goi-tituluekin.
Distantzian sortzen diren loturen inguruan arakatuko diu Próximo antzezlanak, Claudio Tolcachir Argentinako zuzendariak gidatuta, azaroaren 11n. "Urrun egoteko eta gorputza aurrean izan gabe emoziorik bizienak bizitzeko esperientzia kontatzen du", azaldu du zuzendariak. Elkar ukitu eta usaindu gabe edo elkarren azala ezagutu gabe maita dezakezu? Horri erantzungo diote Lautaro Perottik eta Santi Marin aktoreek taulan.
Jan Lauwers & Needcompany Belgikako konpainia lehengo aldiz izango da Euskal Herrian, 2004an estreinatu zuten lan arrakastatsu batekin: Isabella's Room. XXI. mendeko antzerkiaren historiako mugarria da, adituen arabera, eta Viviane de Muynck aktore aparta du protagonista Isabellaren logelak gordetzen dituen sekretuetan barrena. Azaroaren 13an izango da Gasteizen diziplina anitzak dakartzan lan hau.
Irudimenaren eta antzezpenaren indarrari buruzko ikuskizunarekin helduko da Lluis Homar, Guy Cassiers zuzendari belgiarrak gidatuta. La nieta del señor Lihn aurkeztuko dute azaroaren 14an, errefuxiatuen gaia oinarri duen obra.
Artedrama eta Dejabu
Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek koma eragin dio gazte bati, eta hari horri tiraka aurkeztuko dute izen bereko lana, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitakoa, azaroaren 20an: Zaldi Urdina, Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategia eta Axut-en eskutik. Ximun Fuchsek zuzenduta, Ainara Gurrutxaga, Ander Lipus Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Olatz Beobide, Oier Zuñiga eta Edurne Azkarate izango dira aktore lanetan. Antzezpenaren ostean, solasaldia izango da aktore eta zuzendariarekin.
"Espainia hutsa" deitzen den lurretan galdutako lau gizonen inguruko komedia helduko da azaroaren 21ean, La Abduccion eta Teatros del Canal-en eskutik: Los Mariachis. Luis Bermejo, Israel Elejalde, Francisco Reyes eta Emilio Torne izango dira protagonista, Pablo Remonek idatzi eta zuzendutako lanean.
Moby Dick obrarekin arrakasta lortu ostean, Viejo amigo Cicerón lanarekin bueltatuko da Gasteizera Josep Maria Pou maisua, azaroaren 22an. Marco Tulio Ciceron politikari eta hizlari erromatar ospetsua oinarri duen lana aurkeztuko du oraingoan, Mario Gasek zuzenduta.
Gizarte etxeetan aurkeztuko diren obren artean, besteak beste, Kourtney Kardashian antzezlan trilogiaren itxiera taularatuko du Sleepwalk Collectivek urriaren 18an. Iara Solano artista gasteiztarra Rebeca Matellan eta Sammy Metcalferekin batera arituko da Londreseko Off West End-ean txalotu duten lanean.
Legaleon T eta Monstrenko Kolektiboaren ¿Hay alguien ahí? obraren estreinaldia ere Gasteizen izango da, urriaren 25ean, Felix Petite antzokian. Txubio Fernandez de Jauregi eta Esperanza Lopez aktoreen eskutik, bizi dugun garaiari buruzko gogoeta umoretsua egingo dute.
Gorakada taldeak Pinocchio obra aurkeztuko du, azaroaren 10ean, Jose Carlos Garciak zuzenduta. Acrobata & Arlequín zirkoaren unibertsoa ardatz duen lana La Maquiné konpainiaren eskutik, azaroaren 17an. El Mono Habitado konpainiak Gizaunka aurkeztuko du, Begoña Martin eta Aitor Perez aktoreekin, azaroaren 8,9, 10 eta 11n. Teatro Paraisoren Nomadak, Zurrunka Teatroren Ruta 1492, Amaia Garrosaren En el interior de Netsaj eta Carmen San Estebanek zuzendutako Enredados ere ikusi ahal izango dira.
Abonamenduen salmenta irailaren 19an hasiko da, eta hurrengo egunetan ohiko salmenta. Hemen argibide eta egitaraua, osorik: Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia