"Presoen auziari aterabidea emateko" manifestazioa deitu du Sarek

Erredakzioa 2019ko uzt. 30a, 13:12
San Miguel elizako balkoian egin dute agerraldia. HALA BEDI

Abuztuaren 3an,19:00etan, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuko da martxa, Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera! lelopean.

Sarek manifestazioa deitu du Gasteizko jaien bueltan. "Presoen auziari aterabidea eman eta elkarbizitzan aurrera egiteko guztion aktibazioa eta konpromisoa beharrezkoa dela adierazi nahi dugu", azaldu dute elkarteko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Blanka Martinez de San Vicentek. Abuztuaren 3an, 19:00etan, aterako da martxa, Andre Maria Zuriaren plazatik.

San Miguel elizako balkoian egin dute agerraldia Sareko arduradunek, eta haiekin batera hainbat herritar izan dira. Egungo espetxe politikak sortzen duen egoerarekin amaitu nahi duten herritar guztiei dei egin diete larunbateko manifestazioan parte hartzeko, eta ekidistantzia alde batera uzteko: "Desmond Tutturen hausnarketa gure eginez, bertaratzera gonbidatzen zaituztegu: 'injustizia egoeren aurrean ezin da neutral izan, zapaltzailearen ondoan kokatzen zarelako"'.

Euskal gizarteak elkarbizitzaren eta bakearen bideak egiteko aukera esku artean dituela nabarmendu dute Sareko kideek, eta norbanako bakoitzak horretan jokatu dezakeen paperari erreparatu diote:  "Ekin diezaiogun bide honi guztiok batera. Izan ere, gutako bakoitza auzi honi aterabidea emateko subjektu aktibo izatea ezinbestekoa da". 

Ataka honetan, Espainiako Gobernuaren jarrera arbuiatu dute Martinez de San Vicentek eta Azkarragak, eta ausardia eta ardura eskatu dizkiote gobernuari "mendekuan oinarritutako espetxe politika" amaitzeko. Halaber, Espainiako Gobernua osatzeko arazoak aitzakia bihur ez ditzatela eskatu dute. "Iazko ekainean adierazi zuten moduan, euren konpromisoak bete ditzatela eskatzen diogu; hainbatetan adierazi duten moduan, espetxe politika honen aldaketa praktikara eraman dezatela".

Aitor Zelaia, baldintzapean aske

Beste alde batetik, Aitor Zelaia euskal presoa hurrengo orduetan aske geratuko dela adierazi du Hala Bedi Irratiak. Azaldu dutenez, 6.000 euroko fidantza ordaindu beharko dute gertukoek. Otsaila hasieratik daude espetxean Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrak, Delikan eta Gasteizen Ertzaintzak atxilotu zituen bi gazteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide