Gasteizko Jaiak 2019

Euskararen txokoa aberasten

Erredakzioa 2019ko abu. 1a, 06:00

Geu txosnak girotuko du Aihotz Plaza. ALEA

Gasteizko jaien atarian, abuztuaren 3an, Musikaihotz ekimena estreinatuko dute Aihotz Plazan; Orbanak, Konpost eta Izaki Gardenak taldeek joko dute 19:00etatik aurrera, Geu elkarteak antolatu duen jaialdian.

Zortzigarren urtez, Geu elkartearen txosnak girotuko du Aihotz plaza Gasteizko jaietan. Aurten, abuztuaren 2an zabalduko ditu ateak, eta zortzi egunetan musikaz, dantzaz, giro alai eta euskaldunez beteko ditu plazaren bazter guztiak. Ahal den neurrian jaietan euskararen presentzia areagotuko duten jarduerak eskainiko dituzte plazan.

Berrehun lagun inguru ibiliko dira Geu txosnan laguntzen; barran zein sukaldean, boluntario bezala, goiz, arratsalde eta gaueko txandak egingo dituzte. Egunero egongo da pintxo goxoak, ogitartekoak eta tragoxka freskoak hartzeko parada. Gainera, bertoko produktuen aldeko apustua egin dute.

Euskara elkarteei saria

Geu txosnako ohiko eskaintzaz gainera, bi egunetako egitarau propioa prestatu dute aurten Geu elkarteko kideek, jaiak hasi aurretik. 

Hala, abuztuaren 2an, Aihotz Txotx eguna izango da. Txosnaren inaugurazioarekin batera, sagardoa, txorizoa, bakailao tortilla eta dantza izango dira protagonistak. Jaia 18:00etan hasiko da, umeentzako saioarekin. Horretan, Aitor Vinagret eta Nerea Ariznabarreta ipuin kontalariek hartuko dute parte. 

Ondoren, 19:30ean, Geu elkarteak ematen duen Geure Saria banatuko dute. Aurten, Gasteizko auzo ezberdinetako euskara taldeak omenduko dituzte, euskararen alde egindako lana eskertzeko eta aintzat hartzeko asmoarekin.Ondoren, dantza plaza ekitaldia izango da, Azido Folkloriko taldearen eskutik. Abuztuaren 3an, berriz, musika izango da protagonista nagusia. Orbanak taldeak zabalduko du, Musikaihotz jaialdia, 19:00etan, eta ostean, Konpost taldeak joko du; eguna amaitzeko, Izaki Gardenak taldearekin gozatzeko parada izango dute hurbiltzen diren guztiek.

Behin jaiak hasita, ohiko ekitaldiak bilduko dira Aihotz plazako agertokian. Hala, egunero, 13:30ean, bertsolariek hartuko dute mikrofonoa. Lehenbiziko saioan, abuztuaren 5ean, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariak izango dira. Hurrengo egunetan bertatik pasatuko dira Oihane Perea, Unai Anda, Aitor Sarriegi eta Onintza Enbeita, abuztuaren 6an; Paula Amilburu, IÒaki BiÒaspre, Amets Arzallus eta Saioa Alkiza, abuztuaren 7an; Aroa Arrizubieta, Manex Agirre, Eneko Lazkoz eta Maddi Sarasua, abuztuaren 8an; eta jaietako azken egunean, Peru Abarrategi, Asier Rubio, Etxahun Lekue eta Miren Artetxe izango dira.

Halaber, arratsaldero, 20:30ean, dantza plaza ekitaldia gidatuko dute Udal Folklore Akademiako gaita-jotzaileek. Gaueko kontzertuak 24:00etan hasiko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago