Aurtengo jaiak igandera arte hasten ez direnez, atariko jaiei garrantzia berezia eman nahi izan diete egitarauak prestatzeaz arduratu diren eragile ezberdinek, eta hortaz, ekintzaz josita dator hastear dagoen asteburua: Geu elkarteko gunea eta Gasteizko txosnak, esaterako, ostiraletik egongo dira martxan. Unibertsitate eremuko txosnagunean, gainera, Su ta Gar talde eibartarrak joko du inaugurazio egunean bertan. Udalak, bere aldetik, disko jartzaileen kontzertua antolatu du abuztuaren 3ko gauerako, Foru Plazan.
Bestela, berrikuntza gutxi daude Andre Maria Zuriaren omenezko festen inguruan prestatutako egitarauetan. Gasteizko Udalak antolatutakoak 790.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino 57.000 euro gehiago; denera, adin guztietarako 350 ekintzatik gora egingo dira abuztuaren 4tik 9ra bitartean.
Haurren entzierroa eta jaietako azoka
Horien guztien artean, bi dira berezitasun azpimagarrienak. Alde batetik, azken egunean Andre Maria Zuriaren plazan zezen puzgarriekin izango den haurrentzako entzierroa eta ondorengo amaiera festa daude; umeentzako jarduerekin jarraituz, aipatzekoa da Prado parkeko Abentura gunea handitu egingo dutela. Bestetik, jaietako azokak kokaleku berria du; Senda ibilbidea eta Musikaren ibilbidea utzi eta Santa Barbara plaza berritura itzuli da. Denera, 40 saltoki daude, askotariko artisau produktuekin: eskuz margotutako jantziak, larruzko eskulanak edo eskuz egindako bitxiak tartean.
Bestalde, pozik egongo dira euskal pilotazaleak, izan ere, azken orduan izan bada ere, goi mailako pilotarien jaialdia eskaintzeko akordioa itxi dute Gasteizko Udalak eta Eskuzko Pilota Enpresen Ligak.