Gasteizko Jaiak 2019

"Plataforma berriek gure lana zabaltzeko aukera ematen dute"

Juanma Gallego 2019ko abu. 2a, 06:00

Kepa Sojo izango da aurtengo pregoilaria. / KUTTUNA FILMAK

Zinemaren historian aditua eta zinemagintzan buru-belarri sartuta: ez da batere ohikoa Kepa Sojo zinegilearen profila. La pequeña Suiza filmarekin arrakasta handia lortu du, Trebiñuren egoera aitzaki hartuta globalizazioak dakartzan kontraesanei buruz gogoeta dibertigarria egiteko. Gasteizko jaietako pregoiaren erdigunera eraman du zinema.

Gasteizko jaien pregoia ematea egokitu zaio aurten Kepa Sojo (Laudio, 1968) zinemagile eta zinemaren historialariari. Hondartzara bidean zihoala jaso zuen berria, eta "ohore handitzat" hartu du. Hein batean, pregoilari izateko aukera zinema aretoetan aurkeztu duen La pequeña Suiza filmaren arrakastaren ondorioa dela esan du Sojok. EHUko irakasle izanda, zinemagintzaren arlo teorikoa eta praktikoa aldi berean uztartzen ditu Sojok, eta horrek zazpigarren artea bere osotasunean ulertzeko gakoak eskaini dizkio.

Ekonomikoki, funtzionatu al du zure azken filmak?

Tira, ni ez naiz ekoizlea, eta ez daukat zenbaki zehatzik esku artean. Baina jende asko joan da ikustera, eta zortzi astez egon da aretoetan, batez bestekoa 2-4 aste direnean. Zuzendari gisa, pelikulak aretoetan arrakasta izateak bermatzen dizun bakarra da gero film gehiago egiteko aukera gehiago izango dituzula, eta hori beti pozteko modukoa da. Zenbakietatik harago, esperientzia bikaina izan da. Sei aste eman ditugu filmatzean, Artziniegan, Gasteizen, Laudion eta Urkiolan. Eta dena izugarri azkar joan da, filma egitea erabaki genuenetik filmaketan hasi arte oso denbora gutxi igaro da eta.

Zein da eman nahi izan duzun mezua?

Mezua batez ere globalizazioari lotuta dago, gaur egun halako mundu batean bizi garelako. Burgosko probintziaren barruan dagoen herri bati buruzkoa da filma, Trebiñuren parekoa. Euskal Herrikoak izan nahi dute, baina ezin dute. Bat batean, aurkikuntza bat egiten dute herriko elizan, suitzar izateko eskubidea ematen diena, eta horrek aberastasun gehiago ekarriko lieke. Hamar minututan ikuspuntua aldatzen dute, eta hau askotan gertatzen da gaur egun ere. Bakoitzak har dezake istorioa norberaren irizpideen arabera, nahi dituen ondorioak ateratzeko.

Nolakoak izan dira kritikak?

Onak eta txarrak izan ditugu. Normalean komediek kritika txarrak izan ohi dituzte. Ez dakit zergatik, baina zinemaren munduan oso gaizki ikusita daude. Baina gero publikoa joaten da ikustera, hori txartel-leihatiletan ikusten da. Baina hori da, hain justu, kritikarik onena guretzat, pelikulak publikoarentzat egiten ditugulako.

Dena dela, eta Greziaren garaitik, komediak gauza deserosoak esateko erabili izan dira, ezta?

Gure kasuan, azken hau komedia arina da, eta azpiko esanahi gehiegirik ez dago, baina hau ez da beti horrela. Adibidez, ni [Luis Garcia] Berlangaren filmografian aditua naiz, eta zinemagile horrek Francoren garaian egin zituen komedien atzean izugarrizko oinarria dago. Bere garaian ez zen ondo ikusten, baina, orain, distantziaren poderioz, argi ikusten da. Bestalde, pelikula bat kritikatzeko gutxieneko ezagutza bat izan behar duzu, eta gaur egun, sareetan, blogetan edo Youtuben adibidez, jende pila bat dago gauzak kritikatzen, atzean ezagutza nahikoa izan gabe.

Zein da pregoian sartu nahi izan duzun gogoeta?

Pregoia osatzeko zinemarekin izan dudan esperientzian zentratu naiz, eta Gasteizek zinemagintzan izan duen rola nabarmendu ere. Arlo akademikoari erreparatu diot, baita ere, ni arlo praktikoan eta teorikoan nagoelako.

Ezohikoa da aldi berean ikuspegi teorikoa eta praktikoa edukitzea, ezta?

Hala da, ez da batere arrunta. Diziplinartekotasun bat da, eta hortaz ere ikerketa batzuk egin ditut, praxiaren eta teoriaren arteko harremanei buruz, hain zuzen. Nik normalean teorian ditudan ezagutza horiek pelikuletan erabiltzen ditut; modu berean, eskolak emateko orduan filmatzeetan izandako esperientziak ere baliatzen ditut.

Orain arte Hollywoodek zehaztu du merkatua, baina gaur egun plataforma berrietan Indian edo Hego Korean ekoitzitako telesailak ikus daitezke, adibidez. Hori ona al da?

Egia da plataforma horiek filmen ekoizpenean sartzen hasiak direla. Gure kasuan, La pequeña Suiza Netflixen laguntza txiki batekin egin genuen. Irailean edo urrian pelikula plataforma horretan ikusi ahal izango da. Bertan egotean aukera izango dugu gure pelikula hau mundu osoan ikusteko... promozioa egiteko lagungarria izango da ere; adibidez gurekin lan egin duten aktore batzuk oso ezagunak dira Ameriketan... Maggie Civantos edo Jon Plazaola, esaterako. Guretzat Netflixen egotea abagunea da. Ni oso purista naiz, eta pelikulak zinema-aretoetan ikusten badira, hobe, baina gaur egungo arlo digitalean euskarri eta aukera asko daude.

Euskarri horietan formatu berriak probatzen hasi dira ere; adibidez, ikus-entzunezko interaktiboak. Zinemaren historiagile bezala ondo ezagutuko duzu iragana, baina zein etorkizun ikusten diozu formatuari?

Zinemaren historian iraultza asko egon dira. Lehenengoa, zinema beraren agerpena; gero soinua etorri zen, ondoren kolorea... eta gero soinuan beste iraultza bat, Dolby moduko sistemekin. Azkenik, bideoa agertu zen, eta orain aro digitalean gaude. Horrek gauzak beste modu batean egiteko bidea eman du, eta nire ustez horrelako berrikuntzen aurrean irekita egon behar dugu.

Film laburren Cortada jaialdia zuzentzen duzu, eta hor ere berrikuntza asko ikusiko dituzu. Nola dator zinemagintzaren harrobi berria?

Oso txukun datorrela esango nuke. Jaialdian Estatu mailan egiten diren film labur guztien artean hautaketa bat egiten dugu, eta uste dut hor gauza oso bitxiak daudela, eta izugarrizko etorkizuna daukagula film labur horien artean. Gainera, orain sakelako telefono batekin bideo laburrak egin ahal dituzu, kalitate adinarekin, eta jende gehienak du ordenagailu bat eskura. Ni hasi nintzen garaian, adibidez, kamera bat alokatzea izugarri garestia zen. Orain askoz ere aukera gehiago dago. Honetan txarrena da mundu guztiak daukala hau egiteko aukera, baina mundu guztiak ez duela hori egiteko behar adina talenturik. 1.200 bat film labur izango dira hautaketa horretan, eta, horietatik 200 bat edo oso onak dira. Gainontzekoak... tira, oso txarrak direla esan beharra dago.

Beste proiekturen bat al duzu esku artean?

Bai, beste pelikula baten gidoia bukatzen ari naiz, baina horri buruz ezin dizut asko esan, momentuz sekretu handia da. Komedia bat izango dela aurreratzeko moduan nago; La pequeña Suiza filmarekin alderatuta, zorrotzagoa izango da. Esan dezakedan bakarra da Berlangarekin zerikusia izango duela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago