Gasteizen da Adams familia

Erredakzioa 2019ko uzt. 23a, 08:35
Carmen Conesa da aktore protagonista. / La Familia Adams

Produkzio handia da: 40 pertsonatik gora, zuzeneko musika, eta Carmen Conesa aktorea Morticia protagonistaren paperean.

Madrilgo estreinaldian eta biran izan duen arrakasta erabatekoaren ondoren, ostegunetik aurrera Gasteizen izango da La Familia Adams Broadwayko komedia musikala. Esteve Ferrerek zuzendu eta Letsgok ekoitzitako ikuskizuna Principal antzokian antzeztuko da uztailaren 25etik 28ra bitartean.

Musikala osatzen duten 28 artistek (abeslariak, aktoreak, dantzariak, akrobatak eta musikariak) antzokiko oholtzara ekarriko dituzte Charles Addams ilustratzaileak sorturiko pertsonaiak. Aktore protagonistak Carmen Conesa (Morticia), Xavi Mira (Gomez), Lydia Fairen (Miércoles),Frank Capdet (Tío Fétido), Alejandro Meda (Pugsley) Meritxell Duro (Abuela) eta Javier Canales (Lurch) dira.

Musikaleko istorioa Brickmann eta Elicen libretoan oinarrituta dago eta Andrew Lipparen musika du lagun. Chicagoko Ford Center for the Performing Arts Oriental Theatreen hasi zuen ibilbidea obrak 2009an, eta 2010ean Broadwayko Lunt-Fontanne Theatreko eszenatokira ailegatu zen. Arrakasta itzela izan zuen ikusleen artean.

Antzerkira heldu baino askoz lehenago egin ziren ospetsu Addams familiako pertsonaiak, 1964an beren istorioak telesail izateko egokitu zituztenean, hain zuzen. 1991an zazpigarren artera jauzi egin zuten, eta, ordutik, egokitzapen zinematografiko ugari sortu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide