Osasun arloko langile boluntarioek botako dute txupinazoa Gasteizen

Gasteizko txupinazoa osasun arloko lankide boluntarioek botako dute. ALEA

Imanol Vega traumatologoa, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentista eta Francisco Granados ortopedista aukeratu ditu EAJk Gasteizko jaiei hasiera emateko.

Imanol Vega traumatologoak, Adela Fonseca erizain eta ebakuntza gelako instrumentistak eta Francisco Granados ortopedistak botako dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoa. Osasun arloko langile hauek, urtero, Bolivian eta Beningo errepublikan ematen dituzte hilabete batzuk, osasun arazo larriak dituzten eta baliabiderik ez duten biztanleei arreta emateko.

EAJ udal taldeari egokitu zaio aukeratzea nork jaurtiko duen txupinazoa; eta aukeraketarekin, osasun arloko profesional hauen "eskuzabaltasuna" eskertu nahi izan dute: "Hiriak esker ona adierazi nahi die sufritzen dutenei eta arazoei aurre egiteko baliabiderik ez dutenei laguntzen bere denbora eta dirua ematen duten pertsonei", esan du Gorka Urtaran alkateak.

Imanol Vega traumatologoak bere lankideen izenean hitz egin du, lankide boluntario guztiei eskerrak emateko: “Ez dago txupineroa izatea baino ohore handiagorik; baina metxa pizteak jaiak hasteko ez ezik, eskerrak emateko balio izatea nahi dut, itzalean lan egiten duten eta gaur hemen egoterik ez duten osasun arloko langileen zein osasun arlokoak ez diren lankide boluntarioei eskerrak emateko”.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide