Gasteizko Mugimendu Feministak jaietarako eraso sexisten kontrako protokoloa aurkeztu du gaur. Aurreko urteetan bezala, jaietan 688 744 411 telefono zenbakia 24 orduz aktibo egongo da. Bestalde, erasoren bat baldin badago, publikoki salatzeko elkarretaratzea deituko dute, erasoaren hurrengo egunean. Hala ere, deialdia ez da egoera guztietan emango, kasuz-kasu baizik. Protokoloaren bitartez, erasoen kontrako kontzientziazioa landu nahi dute eta emakumeak jaietan subjektu aktibo bilakatu, autodefentsa feminista baliatuz.
Erasoen kontrako protokoloa Gasteizko jaietan ez ezik auzoko jaietan ere martxan jarri dute, jai batzordeekin elkarlanean. Jaiei begira, protokoloa elkarbanatu, landu eta aurrera eramango da hainbat gunetan: herri mugimenduaren Txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz Plazan eta alde zaharreko eta erdiguneko hainbat tabernetan.
Agerraldian, instituzioen papera aipatu dute. "Borondate politiko errealaz lanean has daitezela exijitzen diegu".