Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dute "bi erakundeen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko". Gorka Urtaran alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute akordioa. Horrenbestez, 63.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Akademiari.
Akordioari esker, Elena Martinez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da. Aurten, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua toponimoen deskribapenak sakonduko dira. Era berean, Arratzua III (Jungitu, Zerio, Estibaliz, Uribarri, Arratzua, Matauku, Oritia, Ilarratza, Lubinau) argitalpenean agertuko diren toponimoei dagozkien testuen behin behineko idazkuntza egingo da, eta mapak prestatuko. Gainera, Dibiña I datu-basea prestatzen hasiko dira.
Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten horrelako lehenengo lankidetza-hitzarmena. Geroztik, urtero berritzen dute lankidetza-konpromisoa. Alde batetik, Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio Udalari. Bestetik, udalerriko toponimia proiektuan lanean jarraitzen dute.