Hastear da Gasteizko udako hitzordu ospetsuenetariko bat. Benny Golzon 90 urteko saxofoi-jotzaile beteranoak Jazzaldiaren 23. edizioari hasiera emango dio astelehenean, uztailaren 15ean, Principal antzokian.
Berrikuntzekin dator aurtengo egitaraua; nabarmenena Mendizorrotza eta Principal antzokiko ohiko agertokiei, aurten Falerina lorategia ere bilduko zaiela, Montehermoso kulturunean. Doako kontzertuak eskainiko dituzte eguerdietan eta musika eskoletako ikasleentzat zein beren ibilbide profesionalari ekin dioten beste talentu gazte batzuentzako lekua izango du. Andres Isasi Jazz Quintet-ez gain, Luis Aranburu eskolak, Jesus Guridi kontserbatorioak, Musikene eta Udaband musika kanpusak euren konboak aurkeztuko dituzte. The Taan Trio talde italiarra, Andres Barrios piano jotzaile sevillarra, Romain Pilon gitarra jotzaile frantziarra bere Reunion 5et taldearekin, The Breitners eta Trizak taldeak osatuko dute Farelinako programazioa.
Mendizorrotzean, esanguratsuenak
Mendizorrotzako kiroldegiak hartuko ditu ostera ere musika emanaldi esanguratsuenak. Hilaren 16an, ohiko gospel kontzertua eskainiko du Golden Gate Quartet taldeak. Hurrengo egunean, berriz, Marco Mezquida pianista kataluniarraren inguruan sortutako MAP hirukotea eta Gasteizko Udal Banda elkarrekin ariko dira; eta jarraian, Danilo Perezek, Avishai Cohenek, Larry Grenadierrek, Chris Potterrek eta Jonathan Blakek osatutako boskoteak joko du. Ostegunean, Gregory Porter kantaria eta Regina Carter biolinista izango dira.
Ostiralean, Kubako jazzaren dama nagusi Omara Portuondo igoko da agertokira; Roberto Fonseca piano jolea izango da harekin; eta horren ostean, Jorge Drexler uruguaitarra iritsiko da. Azken egunean, Makaya Mccraven konposatzaileak eta bateria-joleak zein Kamasi Washington saxofonistak joko dute.
Ohikoa den moduan, Principal antzokiak ere kontzertuak hartuko ditu, hilaren 20ra arte: zehazki, Marco Mezquida, Nubya Garcia, Marta Sanchez Quintet, Iñigo Ruiz de Gordejuela eta Ambrose Akinmusire