Haurrentzako entzierroa eta DJ-en kontzertuak, Gasteizko jaietako berritasunak

Erredakzioa 2019ko uzt. 9a, 14:55
Gasteizko jaietako programa aurkeztu dute gaur. ALEA

Kepa Sojo zinemagile laudioarra izango da pregoilaria.

Adin guztietarako 350 ekintza baino gehiago prestatu ditu Gasteizko Udalak hiriburuko jaietan. Berritasunen artean dago abuztuaren 3an, Foru Plazan, egongo den DJ-en kontzertua eta haurrentzako entzierroa zezen puzgarriekin, jaietako azken egunean.

Halaber, Udalak iragarri duenez, Kepa Sojo izango da Gasteizko Andre Maria Zuriaren ohorezko jaietako pregoilaria. Zinemagile laudioarra arduratuko da hiriko festei hasiera emateko testua irakurtzeaz, abuztuaren 2an. Udaletik Sojoren "bi aldeak" nabarmendu dituzte. Izan ere, zinemagilea ez ezik, historia irakaslea baita EHUn.

Aurten, 790.000 euroko aurrekontua izango dute Andre Maria Zuriaren omenezko jaiek, iaz baino 60.000 euro gehiago.

Gasteizko Jaietako egitarauari dagokionez, honakoak dira nabarmentzekoak: Foru plazako ohiko kontzertuak (Huntza, La M.O.D.A., Fangoria, Gatillazo eta Mago de Oz) edo Aihotz plazako euskarazko eskaintza (Joseba Tapia, Modus Operandi, Nogen eta Anje Duhalde). Ganbera-musikaren kontzertuak Musika Eskolako Aretoan izango dira berriz ere. Etxeko taldeei Falerina lorategian utziko zaie espazioa berriz ere.

Jarduera horietaz gain, beste hauek ere izango dira: Udal Musika Bandaren kontzertuak Floridako kioskoan, dantzaldiak Florida parkean, jotak Peñafloridako Kondearen plazan, orkestra handiak gauero Plaza Berrian, gau-jaiak Arka plazan, euskal folklorea Aihotz plazan, eta fanfarre eta txarangen animazioa.

Umore Txokoa Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategian izango da aurten ere (Nerea Garmendia, Miguel Lago, Comandante Lara, Alex O’Dogherty eta Aitziber Garmendia) eta askotariko ikuskizunak izango dira Probintzia plazan (horien artean Serrat eta Sabinaren omenezko Dos Pájaros y un trío eta klake eta swing ikuskizuna).

Txikienak gogoan, eguerdiro haurrentzako zirkua, txotxongiloak, dantza eta antzerkia izango dira, ohi bezala, Peñafloridako Kondearen plazan. Arratsaldetan haurrentzako dantzak izango dira toki berean. Horretaz gain, Prado parkeko Abentura Gunea handitu egingo da Birjolastu proiektuarekin. Halaber, gargantua, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsa, barrakak eta zezen suzkoak izango dira. Berrikuntzarik ere izango da: haurrentzako entzierroa zezen puzgarriekin, Andre Maria Zuriaren plazan, jaietako azken egunean, eta ondoren, haurrentzako programazioari amaiera emateko jaia.

Juan Aiala plazan, berriz, azoka arabiarra izango da berriz ere; Foru plazan, dastatzea Eusko Labelen eskutik (bildutako dirua Araba Dantzarien Biltzarrarentzat izango da) eta Loma Jeneralaren plazan artisautza azoka eta gastronomia herrikoia. Eskulangintza Azoka Santa Barbara plaza berritura itzuliko da.

Gauero piroteknia ikuskizunen nazioarteko XVII. erakustaldia izango da. Beste urte batzuetan bezala, herritarren botoek erabakiko dute zein pirotekniak irabazten duen. 

Iradier Arenan, berriz, bigantxak izango dira goizero; arratsaldetan, berriz, uztailaren 25ean, Super Grand Prix-a eta abuztuaren 5ean, haurrentzako bigantxak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide