Gasteizko Plaza Berrian egin dute elkarretaratzea ESK sindikatuak eta hiriko udal rokodromoetako langileek, zerbitzuaren gaur egungo egoera salatzeko eta horren kudeaketa zuzena exijitzeko.
Ohar baten bidez, Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformak azaldu du dagoeneko hilabete baino gehiago pasa dela udal rokodromoak berriz ere zabaldu zirela eta erabiltzaileek iragarritakoa egiaztatu dutela: hain zuzen ere, "zerbitzuaren kalitatearen murrizketa, prezioen igoera, instalazioen irekiera ordutegiaren murrizketa itzela eta Ebone Servicios Educativos y Deporte SL enpresaren kudeaketarekin hiru langile kaleratuak izan dira subrogatuak izan ez direlako".
Gasteizko Udalak gatazka "amaitutzat" eman duela dirudien arren, ohartarazi dute ez dutela rokodromoen kudeaketa "edonolako baldintzetan" onartuko. Horrekin lotuta, arbuiatu dute Udalak ez diela galdetu erabiltzaileen beharrak zeintzuk diren.
Kaleratutako hiru langileei dagokionez, plataformak adierazi du "onartezina" iruditzen zaiela zerbitzu publiko batek "prekarietate maila hau" eman ahal izatea, eta ez duela "inolaz ere" onartuko. Gaur egindako elkarretaratzean "babes guztia" helarazi zaie langile horiei.