Ikastetxeetan "ekitatea" sustatzeko Magnet planak eztabaida sortu du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko uzt. 8a, 15:28
Eskola-segregazioari aurre egiteko neurrien falta salatu dute aspaldi Gasteizko hainbat eragilek. ALEA

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma, Samaniego eskolako hainbat irakasle eta Elkarrekin Gasteiz oso kritiko agertu dira Udalak eta Jaurlaritzak sustatu nahi duten Magnet-Erakarri planarekin.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila eta Gasteizko Udala datorren ikasturterako diseinatzen ari diren ekintzen artean, Magnet-Erakarri programa dago. Gorka Urtaran alkateak esan duenez, horren eta beste hainbat neurriren bitartez, "bizikidetza eta hezkuntza-ekitatea" sustatu nahi dute hiriko ikastetxeetan. Edo beste hitz batzuekin esanda, eskola-segregazioari aurre egin nahi diote. Bada, hilaren hasieran egin dute erakundeek Ekitatearen Aldeko Ekintza Planaren aurkezpen ofiziala, eta aste honetan jaso dute hezkuntzaren alorreko hainbat eragileren aldetik eta oposizioko Elkarrekin Gasteiz alderditik lehen kritikak. 

Hezkuntza komunitatearekin "kontatu gabe" egin dutela leporatu diete erakunde publikoei, eta segregazioaren arazoari aurre egiteko neurri zehatzik ez dutela jarri mahai gainean. Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren esanetan, "beste behin ere, diagnostiko okerretik abiatzen da, martxoan aurkeztu zuten protokolo baten sinadura antzeztuz, funtsezkoena eta sakoneko apustu politikoetan ezer aldatu ez dadin". 

Prestigioa emateko helburua

AEBetako Magnet Schoolen esperientzian eta Kataluniako Magnet programa ditu oinarri Jaurlaritzaren eta Udalaren asmoak. 1970. hamarkadan, familia zuriak gehiengo beltza zuten eskoletan umeak matrikulatzen animatzeko martxan jarri zuten Magnet programa AEBetan. Gerora zabaldu zen Kataluniara, 2013. urtean, Jaume Bofill Fundazioak bultzatuta, bereizgarri propioekin. Ardatz nagusia eskolen eta ospe handiko ikerketa guneen edo kultura guneen aliantzak sustatzea da, eskola horiei prestigioa emateko. Kataluniako Generalitateak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak Bofill Fundazioarekin batera bultzatzen dute.

Gasteizen, berriz, eredu hori kopiatu eta hainbat ikastetxetan ezarri nahi dute. "Ekintza horren bidez, proiektu berriaren xedea da ikasleen ikasketa-arrakastari laguntzeaz ez ezik profil heterogeneoa duten auzoko familien interesa ere erakartzea, eta ikastetxe horietako gizarte-konposizioa orekatzea".

Samaniegoko esperientzia

Oso ezkor hitz egin dute, ordea, Samaniegoko hainbat irakaslek Magnet egitasmoaren harira. Gutun batean azaldu dutenez, ikasturtearen hasieran, segregazio maila handia duen ikastetxe horretan programa ezartzeko proposatu zien Hezkuntza sailak. "Hasiera batean ilusio handiz hartu genuen proposamena", idatzi dute irakasleek, baina azkenean klaustroaren gehiengoak proposamena baztertu zuen eta proiektu propioa garatzea erabaki zuten.

Azaldu dutenez, Hezkuntza sailak ez zituen "gutxieneko baliabideak" eskaintzen programa aurrera eramateko. Halaber, auzian jarri dute Magnet programaren filosofia bera: "Hezkuntza sailak garatu nahi duen programak segregatutako eskoletan jartzen du fokua, eta aditzera ematen du irakasleen lan dinamikaren aldaketari esker, kostu txikiarekin eta gutxieneko baliabiderik gabe etorriko dela aldaketa. Horrela gertatzen ez bada, ikastetxearen ardura da. Estrategia honek badu izena: biktima errudun bihurtu".

Gutuna publiko egin duten Samaniegoko irakasleen esanetan, Eusko Jaurlaritzak "eskola-segregazioari aurre egiteko neurriak abian jarri beharrean, ardurak saihestu nahi ditu, egungo hezkuntza eredu dual publiko-pribatuak eragiten dituen arazoei aurre egin gabe". 

Zentzu kritiko berean, Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak nabarmendu du protokolo hori eta Hezkuntza sailaren aurreko ekimenak ez direla koordinatu, ezta kontsultatu ere, eskola-segregazioaren aurka borrokatzen duen hezkuntza eta gizarte komunitatearekin. Gainera, bitxia deritzo Udalak eta Hezkuntza sailak aurkeztutako programan "segregazio hitza inon ez topatzea".

Udal oposizioko Elkarrekin Gasteiz taldeak ere arbuiatu du Ekitatearen Aldeko Plana, eta "makillajea" dela esan du Gemma Zubiaurre zinegotziak. "Ez da hitz egin alde sozialarekin ez sindikalarekin plan horretan lan egiteko. Gainera, ez dago ekintza zehatzik eta ez diote erreparatzen Gasteizen dagoen eskola-segregazioaren arazoaren jatorriari". Zubiaurrek gogoratu du lantalde bat sortu zutela Udalean gaia jorratzeko eta neurriak adostu zirela, "baina ez dira martxan jarri".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide