Abiadura Handiko Trenak (AHTa) Gasteizen izango duen tartearen txosten informatiboa argitaratu du Espainiako jarduneko Gobernuak, eta 872 milioi euroko aurrekontua izango duela jakinarazi du, aurreikusitakoa baino 150 milioi gehiago.
Hilabeteko atzerapenarekin egin dute argitalpena Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta, horren arabera, trena 3,6 kilometroko tartean lur azpitik joango da, Pedro Asua kaletik Salburuko bulebarreraino.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek kezka agertu du aurrekontu aldaketarekin: "Kezkatuta nago erabaki honekin, ez dakit zergatik egon den aldaketa hori urtarriletik uztailera; arrazoiak jakin nahi ditugu". Sustapen ministerioari aldaketaren arrazoiak galdegingo dizkiola azaldu du goizean egindako agerraldian.