Gasteizen dira Basket Beats Borders ekimeneko jokalariak

Erredakzioa 2019ko uzt. 4a, 14:03

Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte azken egunetan. / Basket Beats Border

Bihar saskibaloi erakustaldia egingo dute, Adurtzako jaien barruan.

Gaur eta bihar, hilak 4 eta 5, Basket Beat Borders ekimeneko neskak Gasteizen izango dira zenbait ekitalditan parte hartzen, Euskal Herrian egiten ari diren biraren barruan. Gazteei zuzendutako kirol proiektu hau 2017an sortu zuten Shatila errefuxiatuen kanpamenduan, Beiruten (Libano), 1982an milizia libaniar falangistek eta armada sionistak historiako sarraski bortitzenetako bat burutu zuten esparruan.

Ekimenak neska-mutil palestinar errefuxiatuak, azken urteotako Siriatik etorritako errefuxiatu berriak, zein gazte libaniarrak biltzen ditu saskibaloiaren inguruan, eta topaketa esparru bat eskaintzen die haien eguneroko bortizkeria testuinguruari alternatiba bat emateko. Orain, Euskal Herrian bisitan dabiltza, saskibaloiaren bidez gazte errefuxiatuen eta emakume palestinarren errealitatea ikustarazten.

Gaur, osteguna, Araski saskibaloi taldeko kanpusean parte hartu dute, eta Gasteizko taldearekin entrenamendu saioa egin dute. Bihar, 17:00etan, Adurtzako jaien testuinguruan, 3x3 saskibaloi erakustaldia egingo dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago