Sagardo usaina izango du hilaren 20an Gasteizek

Egilea: Sagardoa.eus

Jai giroan, Arabako hiru sagardotegitako zein Gipuzkoako beste bosten sagardoa dastatu ahalko da Aihotz plazan.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatuta, I. Euskal Sagardo Araba izango da uztailaren 20an, Gasteizko Aihotz plazan. Bertan, Arabako zein Gipuzkoako sagardotegietako pasa den urteko sagardoa probatzeko aukera izango da; gorputz eta izaera handiko sagardoak dira, lurrintsuak eta txinparta ederrekoak.

Horrez gain, dastatze azkarrak ere antolatuko dira, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Aihotz plazara hurbiltzen direnek kopa bat eta bost tiket hartu ahal izango dituzte bost euroren truke. Sagardoaz gain, Basatxerri pintxoak, Idiazabal gazta eta bestelako hainbat produktu ere izango dituzte aukeran honako ordutegian: goizean, 12:00etatik 14:30era bitartean; eta arratsaldean, 19:00etatik 21:30era.
Musika emanaldiek girotuko dute jaialdia, eta baita Garaizabalen dastatzeek ere.

Denera, zortzi sagardotegik parte hartuko dute: Kuartango (Kuartango), Iturrieta (Aramaio) eta Askartza (Trebiñu) arabarrek, eta Hernaniko Akarregik, Altzuetak, Itxasburuk nahiz Zelaiak eta Astigarragako Lizeagak.

Uztailaren 20an lehenengo aldiz ospatuko den jaialdi honekin Jatorri Deiturak biltzen duena ezagutarazi nahi du Euskal Sagardoak: hain justu ere, %100 bertako sagarrez egindako sagardoak, eta kalitate bermea berekin dutenak

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide