Gizon bat atxilotu dute emakume bati kalean sexu abusuak egiteagatik

Erredakzioa 2019ko uzt. 1a, 12:41

Lekukoek ohartarazi zuten gizon batek mozkorturik zegoen emakume bati ukitzeak egin zizkiola eta bere borondatearen kontra eraman nahi izan zuela.

Udaltzaingoak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean, Zapatari kalean, Gasteizko alde zaharrean, emakume bati sexu abusuak egitea leporatuta. Diligentziak egin ostean, aske utzi zuten, eta epailearen aurrean agertu beharko da.

Erasoa goizaldeko 04:00etan jazo zen. Ordu horretan, Udaltzaingoak abisua jaso zuen Zapatari kalearen eta Anorbin kantoiaren  izkinara joateko, bertan gizon bat mozkorturik zegoen emakume bat bere gogoz kontra eramaten saiatzen ari zelako. Poliziak bertara joan zirenean, emakumea konorterik gabe aurkitu zuten abisua eman zuten bi pertsonek lagunduta. Lekukoek eman zuten datuei esker, poliziak ondoko taberna batean aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta atxilotu zuten. 

Sexu erasoen protokoloa aktibatu zuten udaltzainek, eta anbulantzia bat hurbildu zen emakumea Txagorritxuko ospitalera eramateko. Alta, biktimak laguntzari eta salaketa jartzeari uko egin zien, eta horrenbestez, poliziek etxera lagundu zuten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide