Gazte sortzaileen lana ezagutzera emateko xedez, Gasteizko Udalak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak duten akordioari esker, hainbat artistaren lana ezagutzeko aukera izango da Montehermoso kulturunean. Zazpigarren deialdian, lau proiektu artistiko aukeratu dituzte, lanean erabili beharko dituzten espazioak eta tresnak eskura jartzeko.
Aukeratutako proiektuak banaka aurkeztuko dituzte, artista bakoitzari 900 euro ordainduko zaio, eta banakako katalogoak egingo dituzte, Ibon Saenz de Olazagoitiak diseinaturik. Bigarren urtez, Cristina Arrazola gasteiztarra izango da komisarioa.
"Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikusarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko", azaldu dute programaren sustatzaileek. Aurkezteko epean 44 proiektu jaso zituzten, aurreko edizioan baino 49 gehiago. Horietatik lau aukeratu dituzte, 2019ko urritik 2010ko maiatzera arte aurkeztuko dituztenak.
Lau proiektu
Irene Carmonaren proiektua da aukeratutako bat, inguru hurbilenean aurkitzen dituen motibo plastikoak oinarri dituen lana: Cuerpo inefable. Argazkia da harrapatu nahi duen une plastikoa izozten laguntzen dion tresna, gero pinturaren bidez interpretatu ahal izateko.
Javier Ozkoidiren Walking the line proiektua ere ezagutu ahal izango da Montehermoson. Kaleetan ibiltzen sortutako proiektua da, artistak berak azaldu moduan: "Inguruan dauden lerroei etengabe behatuz, haiekin elkarreragin eta haiek birpasatu edo sortzeraino".
Susana Viñolok, berriz, aurrerapen teknologikoen eta ezagutzaren paradigma historikoki aldakorren arteko erlazioa du gaitzat, astronomiaren alorreko teknologikoak ikergai. The sky is inside proiektuan, jatorri, garai eta munduko leku ezberdinetako irudiak eta informazioak alderatu eta gainjartzen ditu.
Marta Valverde artista, bere aldetik, errealitatea bitan banatzen saiatzen da Blanco y fucsia proiektuan, bere belaunaldiak azaltzen duen tristeziaren jatorria zein den asmatu nahian. "Arrazoia eta gorputza aurrez aurre, eguna eta gaua, loa eta esna egotea.
Ikus-entzunezko erretratu bikoitzen bidez bi mundu horiek –errealitatea eta ametsa– islatzen ditut, eta haien arteko zirrikituei buruz hausnartzen", azaldu du Valverdek. Naturalismo dokumentala eta etorkizunari buruzko elkarrizketak amets-irudi estetikoekin nahasten dira.