Zortzigarren urtez arduratuko da GEU elkartea Aihotz plazako txosna eta bertako egitaraua aurrera eramateaz. Gainera, ohiko eskaintzaz gain, bi egunetako egitarau propioa prestatu du elkarteak Gasteizko jaiak hasi aurretik. Hala, abuztuaren 2an, Aihotz Txotx eguna izango da, eta sagardoa, txorizoa, bakailao tortilla eta dantza izango dira protagonistak. Jaia 18:00etan hasiko da, umeentzako ipuin kontalariekin, Aitor Vinagret eta Nerea Ariznabarretaren eskutik. Ondoren, 19:30ean, urtero GEU elkarteak ematen duen GEUre saria banatuko dute. "Aurten, Gasteizko auzo ezberdinetako euskara taldeak omenduko ditugu, euskararen alde egindako lana eskertzeko". Ondoren, dantza plaza izango da, Azido Folkloriko dantza taldearen eskutik.
Abuztuaren 3an, berriz, musika izango da protagonista Musikaihotz ekimenarekin. 19:00etan Orbanak taldeak emango dio hasiera jaialdiari, ostean Konpost taldea izango da eta eguna amaitzeko, Izaki Gardenak taldearekin gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek.
Urtero bezala, 200 lagun inguru ibiliko dira GEU txosnan laguntzen; barran zein sukaldean, boluntario bezala, goiz, arratsalde eta gaueko txandak egiten. Txandaren bat bete nahi duen edonork, galdetegi bidez aukeratu dezake zein txanda osatu nahi duen.