Bide luzea inora ez iristeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ekainaren 25a

Agerraldia egin dute aste honetan Santo Domingoko kaltetuek. DosPorDos

Duela ia bi urte aterarazi zituzten Santo Domingo kaleko 40 eta 42 atarietako bizilagunak, eraikina erortzeko zorian zegoelako. Udal gobernu berriari irtenbideak bilatzen laguntzeko eskatu diote.

Soluzioak nahi dituzte Santo Domingo kaleko bizilagunek, legegintzaldi berrian ahal dela. 2017ko urrian, haien etxeetatik aterarazi zituztenetik, ez dute irtenbiderik aurkitu, nahiz eta Gasteizko Udalak esandako guztiak hitzez hitz bete eta sobera ez dituzten sosak gastatu. 

Agerraldia egin dute aste honetan kaltetuek, udalbatzari gogoratzeko arazoak bere horretan dirauela. Gainera, nabarmendu dutenez, Santo Domingoko etxebizitzen arazoaren moduko gehiago azaleratzea espero daiteke hurrengo hilabeteetan, behin Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak Alde Zaharreko beste kale batzuetan egiten hasten direnean. "Udal gobernuari eskatzen diogu irtenbideak bilatzeko kasu bakoitzean dauden baldintza bereziak kontuan hartuz". 

Santo Domingo kaleko 40 eta 42 atarietako lagunak prest agertu dira Hirigintza saileko zinegotzi berri Ana Oregirekin biltzeko eta haien arazoen berri emateko. "Erortzeko arriskutik salbatzeko, Alde Zaharrak jarduketa plan bat behar du".

Ia bi urte

Bide burokratiko luzea egin dute Santo Domingoko bizilagunek inora ez iristeko. Agerraldian azaldu dutenez, iragan urteko azaroan Itziar Gonzalo orduko Hirigintza zinegotziarekin bildu ziren, eta horretan jakin zuten ordura arte egindako tramiteak eta bide osoak ez zuela ezertarako balio izan. Izan ere, 2018ko hasieran, Udalak etxebizitzak birgaitzeko derrigorrezko exekuzioa egingo zuela agindu zien –administrazioa obraren kargu egingo zen, eta ondoren bizilagunekin negoziatuko zuen ordainketa– , baina Gonzalok ukatu zuen aukera hori mahai gainean zegoenik, eta Ensanche 21 agentziara bidali zituen. Bertan azaldu zieten laguntzak izateko eskubiderik ez zutela. "Udalak hasieratik zekien bizilagunek ez genuela gaitasun ekonomiko nahikorik obrari aurre egiteko", argitu dute bizilagunek; eta salatu dute etxera itzultzeko "ahalegin izugarri handia" egin badute ere, epe laburrera ez dutela aterabiderik ikusten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago