Egiari Zor fundazioak omenaldia egingo dio gaur arratsaldean Enrique Gomez Kortari, 19:00tan, Gasteizko Salbatzailearen hilerriko bere hilobian. Fundazioak oroitarazi du orain dela 40 urte abiatu zela "gerra zikina", BVE Batallon Vasco Españolek Korta hil zuenean.
Leonen jaiotakoa zen Gomez, baina umetxo bat zela bere familiarekin batera Gasteizera mugitu zen. Samaniego eta Jesus Obrero eskoletan ikasi zuen. 1979ko ekainaren 25ean Baionako Panecau kalean auto bat hurbildu eta BVEeko mertzenario batzuek tiro eginez hil zuten.
"Gerra zikina hasi zenetik berrogei urte luze pasa dira dagoeneko. Hori, funtsean, talde eta sigla ezberdinek praktikara eraman bazuten ere, sustatzailea eta ideologoa bat eta bakarra izan zen: Estatua", gogoratu du Egiari Zor Fundazioak. Gaineratu dutenez, berrogei urtez "inpunitatea" izan da nagusi eta giza eskubideen urraketa larriak ukatuak izan dira; "egia arbuiatu da".
Gasteizko Udalak ere omenaldia egin zion Enrike Gomez Alvarezi haren hilketaren 37. urteurrenean, eta Gorka Urtaran alkateak “barkamena” eskatu zien Kortaren senideei “orain arte erakundeen ezagutza eta maitasuna jaso ez baduzue”.