Joaneko partidan, etxean, lortutako 17 puntuko aldeari eutsita, Gaztedik mailaz igotzea lortu du azkenik. Sufrituta izan bada ere, urte osoan begiz jotako helburua erdiestea lortu dute gasteiztarrek, azkenik.
Gasteizen eskuratutako aldearekin (36-19) zelairatu baziren ere, Vigon jokatutako bigarren partidan mailaz igotzea nekez borrokatu beharko zutela laster ikusi zuten Gaztediko mutilek. Lehen zatian Vigoko jokalariak izan ziren nagusi, eta 13 -7 bideratu ziren aldageletara. Are gehiago piztu ziren urduritasunak bigarren zatia hasi eta berehala galizarrek beste entsegu bat lortu ostean. Urte osoko lana ihes egiten ikusteko arriskua gertu bizi zuten Gasteiztik bidaian joandako jarraitzaile guztiek ere.
Zorionez, egoera horri erantzuten jakin zuten Gaztedikoek, eta azken minutura arte sufritu bazuten ere, datorren urtean Ohorezko B mailan lehiatzeko txartela poltsikoratu zuten Miguel Beltranek gidatutako mutilek.