Mendebaldeko Saharako egoera NBEra iritsiko da, Udalaren laguntzaz

Erredakzioa 2019ko ekainaren 20a

Filmaren irudi bat. UNAGUJEROENELMURO.COM

Ikerketa eta animaziozko film laburra aurkeztuko dituzte eskubide urraketak salatzeko.

Ekainaren 25ean, Arabako SEADen Lagunen Elkarteak eta Equipe Media komunikatzaile eta aktibista sahararren taldeak Arrail bat harresian ikerketa kolektiboa eta Un agujero en el muro animaziozko film laburra aurkeztuko dituzte Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluan, Genevan. Gorka Urtaran alkateak lagunduko ditu ekitaldian, Gasteizko Udalaren Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak sostengua eman baitie bi ekimen horiei.

Arrail bat harresian proiektua partaidetza-prozesu batetik sortu zen, 2013an, eta EAEko zein lurralde okupatuetako gazteek gauzatu zuten, 2014. eta 2015. urteetan. Arabako SEADen Lagunen Elkartearen hitzetan, lana, hezkuntza eta osasuna eskuratzearekin lotuta “saharar populazioak jasaten duen bazterkeria sistematikoa erakusten du” txostenak. 

Txostenaren argitalpenaren harira, elkarrizketetan jasotako testigantzak zabaltzea erraztuko lukeen formatu batera moldatzea erabaki zuen lan-taldeak. Modu horretan sortu zen Un agujero en el muro film laburra. Elkarteak eta Oyko Studiok ekoiztu dute filma, Carlos Mourek zuzendu du eta Gasteizko Udalak finantzatu du.

Hartara, Mendebaldeko Saharan jasaten dituzten eskubideen urraketak (lanerako, hezkuntzarako eta osasunerako eskubideak) NBEra iritsiko dira: “Ikerketaren emaitzak eta film laburra Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean aurkeztea beste lorpen bat da Saharako herriaren eskubideen defentsan“, adierazi dute Arabako elkartetik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago