Txagorritxuko eraikin berrian lanpostuak publikoak izan daitezen "konpromiso argia" exijitu diote mantenimenduko eta zerbitzuetako –garbiketa, sukaldea, garbitegia– beharginek Arabako Osasun saileko zuzendaritzari. Izan ere, kezkatuta daude sortuko diren behar berriak asetzeko, pribatizatzeko urratsak ez ote diren egiten ari, eta "ziurgabetasuna" salatu dute.
Maiatzean lehenengo protesta egin zuten mantenimenduko langileek, eta ostegun honetan, zerbitzuetako lankideekin batera, bigarren kontzentrazio bat egingo dute Txagorritxuko kanpo-kontsultetan, 11:30ean, 'Pribatizaziorik ez' lemapean. Ospitaleko Pertsonal-batzarrak eta Enpresa Batzordeak bat egin dute elkarretaratzearekin.
Osakidetzako zerbitzuetako eta mantenimenduko langileek plataforma bat eratu dute Txagorritxuko eraikin berrian sortuko diren haien esparruetako lanpostuak publikoak izan daitezen eskatzeko. Izan ere, zerbitzuetako langileen kasuan, Arabako osasun saileko zuzendaritzak ez du argitu oraindik nola kudeatuko duen zerbitzua, eta, azaldu dutenez, arduradunekin izan dituzten hartu-emanetan ez dute konpromisorik hartu nahi izan kontratazio publikoaren inguruan. Txagorritxuko Langile Batzordeko kide eta LAB sindikatuko eledun Raul Castillok esan duenez, egun ospitalean eredu mistoa dago, alegia langile batzuk Osakidetzakoak dira eta beste batzuk kontrata bidez aritzen dira bertan: "Zerbitzuetako langileak beldur dira eraikin berrian sortuko diren plazak azpikontraten bitartez esleituko dituzten".
Mantenimenduaren inguruan berriz, eraikin berriaren hornikuntza esleitzeko argitaratu diren baldintza-agirietan Osakidetzak jaso du enpresa-hornitzaileak beraiek arduratuko direla mantentze-lanez, eta horrek langileen haserrea eta kezka eragin ditu. "Pribatizazioa da hori, mantenimenduko zerbitzuaren ezkutuko pribatizazioa", esan du Castillok. Arabako zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ostean, lortu dute pleguak aldatzea, eta zain daude orain hurrengo baldintzetan mantenimenduko langileen lanpostuak bermatzeko konpromisoa jasotzen duten.