Udaltzaingoaren agenteek 43 urteko gizonezko bat atxilotu dute, hogei urteko bikotekide ohiari eta haren amari irainak eta heriotza-mehatxuak egiteagatik.
Asteazkenean arratsaldean jazo zen erasoa. Udaltzaingoaren zentralak patruila bati Zabalgana auzoko kale batera joan zedila eskatu zion, emakume gazte bat eta haren ama irain eta heriotza-mehatxu oso larriak jasaten ari zirelako gizonezko baten partetik.
Udaltzainek biktimak artatu zituzten, eta haiek gertatutakoa azaldu zieten; beste lekuko batzuek ere berretsi zuten emakumeek esandakoa, eta horren ondoren, gizonezkoaren etxebizitzara joan ziren poliziak. Eraikineko eskaileran topatu zuten ustezko erasotzailea, bere onetik aterata; etxe barruan sartzea eta atea giltzaz ixtea lortu zuen, eta bere buruaz beste egingo zuela mehatxatu zuen. Ordu batzuk geroago etxe barrura sartzea lortu zuten poliziek, eta gizona atxilotu ondoren Santiago Ospitalera eraman zuten lehenik, eta gero polizia-etxera.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.