Araba Euskaraz 2019

Ikastolaren ateak zabaltzeko erronka

Erredakzioa 2019ko eka. 15a, 12:01

Igandeko festa gasteiztarrengana gerturatzeko baliatu nahi du Armentia ikastolak eta irakaskuntza eredu inklusiboagoa sustatzeko erronkari eusteko. Zirkuitua, kilometro gutxikoa, lau zonaldetan banatuko da: Prado parkean, Mineral inguruetan, Armentia Ikastolan eta Armentiako zelaietan.

Hamazazpi talde eta 150 lagun aritu dira hilabete hauetan lan eta lan Araba Euskaraz jaia aurrera ateratzeko. Armentia ikastolako lagunek parte hartu dute hirian egin diren bileretan, ikuskizunetan eta ekintza desberdinetan, eta dagoeneko prest dute igande honetako askotariko egitaraua. Ezohiko helburuarekin sustatu du Ikastolen Federazioak aurtengo Araba Euskaraz: egunean zehar bilduko den dirua Armentia ikastolan beka sistema bat sortzeko erabiliko du, besteak beste. Laguntza sistema horri esker, ikastolako ateak zabalik egotea nahi dute Gasteizko familia guztientzat, "euren egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko". Ikastolak irakaskuntza eredu inklusiboago batera jo nahi du horrela arlo guztietan, azaldu dutenez. 

Leloak eta aurtengo logoak adierazten duten bezala, Gertu! egon nahi dute, gasteiztarrengandik gertu: "Hori da gure helburua Araba Euskarazi begira, gertu egotea, eta hori izango da gure ikastolaren helburua etorkizunera begira ere. Hori adierazten du gure logoak".

Gasteizen zein Araban presente dauden munduko beste kulturak ere irudikatu nahi izan dituzte antolatzaileek, eta modu horretan aurtengo Araba Euskaraz erritmo berriaz hornitu dute, "Gasteizko zein Arabako gizarte eragileak eta biztanle guztiak gertu sentitu nahi ditugulako". Hala, New Orleanseko doinuak, jazza edota swinga  nahasten ditu Gertu! abestiak. Abestiaren hitzak Antton Aranburu Gasteizko bakarlariarenak dira, eta musika Luko Royo taldearenak. Swing doinuak ere izango dira nagusi Armentiako zelaietan zein Prado parkean igandean.

Auzolana oinarri izan duen Araba Euskaraz edizio berrian festa "parte-hartzailea eta dibertigarria" iragarri dute Armentia ikastolako lagunek. Izan ere, publikoaren inplikazioa eta parte-hartzea sustatu nahi izan dituzte egitarauan. "Festaren parte aktiboa izan daitezen nahi dugu, dantzatu eta abestu dezaten, eta horretarako oso eskaintza zabala prestatu dugu: swinga, dantza plaza, zumba, batukada… Aurten Gertu! da Araba Euskarazen leloa, eta horixe gorpuztu nahi dugu, guztiok elkarrengandik gertu egon gaitezen, hiriko zenbait talde eta kolektiboren parte-hartzearekin. Adibidez, Gasteiz Kantuz eta Afanis-Ras izango dira gure alboan, betiere euskara egunerokotasunera hurbiltzeko eta haren erabilera ohikoa izan dadin sustatzeko".

Kilometro gutxi, lau gune

Kilometro gutxiko ibilbidea izango dela azaldu dute, denentzat egingarria, eta aurreko edizioetan ez bezala, guneak ez dira adinaren arabera banatuta egongo. Bakoitzean publiko mota (haurrak, gazteak, nagusiak) kontuan hartuko den arren, programazioa askotarikoa izango da eta adin guztientzako jarduerak eskainiko dituzte. "Mugimendua egon dadin nahi dugu, jendeak zirkuitu osoa egin dezan eta ez dadin area zehatz batean geratu pentsatuz gainerakoetan ez duela bere gustuko ezer aurkituko", azaldu dute Armentiako lagunek.

Esaterako, Armentia ikastolan Haurren Hiria egongo da, eta bertan txikientzako tailer asko antolatuko dituzte. Ikastolan bertan Imanol ItuiÒo magoak truko harrigarriak egingo ditu, bertsolariek hitzekin jolastuko dute eta herri bazkaria ospatuko dute. Dena den, Ikastola ez da umeentzako leku bakarra izango; jolas eta jarduera gehiago aurkituko dituzte Prado parkean, Mineralen eta Armentiako zelaietan. Hala, Prado parkean Potx eta Lotx pailazoak izango dira protagonistak, baina ez dira bakarrik egongo, Kittu txarangako kideak ere bertan arituko direlako. Eta lehen aldiz Arabako ikastolen jaian, Osakidetzak lehen sorospenei buruzko bi lantegi antolatuko ditu zortzi urteko umeentzat

Musika 

Musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Skabidean eta Ze esatek! taldeak ariko dira, besteak beste, eta nazioarteko doinuez gozatzeko aukera ere izango da: Kolonbia, Bolivia eta Sahara, zehazki, Armentiako zelaietan. Jaiaren amaiera ere musikarekin ospatuko dute, Prado parkean, eta Oxabi erromeria taldeak lagundurik.

Halaber, egun osoan zehar bestelako ekintzak prestatu dituzte. Hala, Gauekoak udal programak lau jarduera ezberdin antolatuko ditu Mineral inguruan –beste sei egingo ditu gainerako zonaldeetan– eta Arabako artisauek euren produktuak aurkeztuko dituzte. Berrikuntzen artean, "gastrotonbola" egingo dute, eta Arzak eta Matxete jatetxeetan bazkariak zozkatuko dituzte, baita asteburuko egonaldiak eta Eusko Label produktuak ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago