Hainbat hilabetez Arabako zein Euskal Herri osoko zenbait gizarte eragile elkarlanean aritu ostean, Oblaten komentuan izandakoan eman zion hasiera 1992/93 ikasturtean guraso eta irakasle talde txiki batek Armentia ikastolari. Bestelako ikastoletan gertatu zen bezala, hasierako urteak ez ziren errazak izan, Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak jarduera garatzeko administrazio baimenik eman ez zuelako, eta, garai hartan, hirian hezkuntza ereduari buruzko eztabaida sakona zegoelako. Baina horri aurre eginez hasi ziren komentu zaharrean eskolak ematen.
Egitasmoak Arabako Ikastolen Elkartearen oniritzia jaso zuen hasieratik, eta lehen urte horietan Euskal Herriko ikastolen taldeak hartu zuen Gasteizko ikastola berriaren proiektuaren zama handiena. Baina, denbora aurrera joan ahala, aurrerapausoak ematen hasi zen taldea.
1993ko ekainean, Armentia Ikastola kooperatiba integrala sortu zuten bertako ikasleen familiek eta lanean zeuden irakasleek eta langileek.
Dena dela, aldaketa juridiko honekin ezin izan zen legez aurrera egin 1995 urtean Hezkuntza sail berriak ikastolaren titulartasunaren aldaketa guztiz onartu zuen arte. Orduan, kooperatibaren eskuetan geratu zen ikastola.
Aurretik, 1994 urte hasieran, nolabaiteko irtenbidea izan zuen Hezkuntza sailak emandako baimen mugatuarekin: hain justu ere, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan hiru talde aurreikusi zituen administrazioak. Horri esker hasi zen ikastola legearen barruan lan egiten, baina ez osotasunean; ordurako, baziren eta bertan bi eta hiru urteko haurren taldeak, eta baita Gasteizko beste ikastetxe batzuetatik iritsitako garai hartako Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko (BBB) ikasleak ere.
Gauzak horrela, 1994ko udan jarduerarako baimena zabaldu egin zuen Hezkuntza sailak: Haur Hezkuntzako bigarren zikloan sei talde eta behin behinekoz BBB-n lau ikasgela sortzeko baimena eman zuen.
Hasierarekin gertatu zen moduan, proiektua garatzea ere ez zen samurra izan. Izan ere, Batxilerretarako ibilbidearen aurrean ez zen eta irtenbide argirik aurkitu eta beheko mailako ikasleria sendotzen zihoan bitartean, goi mailakoen jarraipena ezinezkoa izan zen. LOGSE sistema hedatuz joan zen neurrian, goiko mailak desagertzen joan ziren; eta behean, berriz, bi urtetatik hasita zetozen txikiekin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza indartzen joan ziren. Guzti horrek ikastolaren barne egitura eta langileen jarduna egokitu behar izatea ekarri zuen.
Oinarriak sendo
Bestalde, hasieratik ikastolen taldean finkatuz joan ziren oinarri pedagogiko eta metodologikoak ezarri ziren Armentia ikastolan ere, eta gaur egun guztiz garatuta dituzte proiektuen oinarriak, hala nola, hezkuntzaren ikuspegi eraikitzailea, eleaniztasuna, Euskaraz Bizi, orientazioa edota elkarbizitza. Oztopo guztien gainetik, 2005/06 ikasturtetik hasita, kalean dira Armentia ikastolan goitik behera eskolaturiko ikasleen promozioak.
Gaur egun, 1.200 ikasletik gora ditu ikastolak.
Euskara da ikastolaren oinarri nagusienetarikoa, eta hortaz, baita Araba Euskaraz ere. 1981 urtean ospatu zuen, lehendabiziko aldiz Araba Euskaraz, Gasteizen. Dagoeneko 13 urte igaro dira 2006. urtean Arabako ikastolen aldeko jaia egin zela azkenekoz Armentian, Barruan daramagu lelopean. Gogotsu daude, eta hori dela eta, jaialdia igandean, ekainaren 16an, izango bada ere, horren gaineko kultura egitaraua ikasturte osora zabaldu dute; hain zuzen ere, azarotik ekainera bitartean.
Halaber, zilarrezko ezteiak bete dituzten ikasturte honetan, jaialdiarekin "proiektua sendotzera, zabaltzera, ikastola gerturatzera" datozela iragarri dute antolatzaileek.