Haurrei zuzendutako lehen sorospen tailerra eskainiko du lehen aldiz Osakidetzak ikastolen aldeko jaialdi batean.
Egunean zehar, ordu eta erdi inguruko iraupena izango duten bi hitzordu antolatu dituzte: 11:30etik 13:00etara bitartean, lehena; eta 15:30etik 17:00etara, bigarren saioa. Prado parkeko gunean egingo dituzte tailer horiek. Denera, zortzi urteko 40 neska-mutikok, 20 saio bakoitzean, larrialdi egoera baten aurrean eduki beharreko oinarrizko ezagutzak ikasteko aukera izango dute bertan.
Erreakzio bizkorra
OSI Arabako erizain eta Ume sorosleak programaren arduradun Beatriz Noarben eskutik, haurrek anbulantzia bati dei egin behar izanez gero edo bakarrik daudela mediku baten beharra duen egoera baten aurrean aurkituz gero, nola jokatu behar duten ikasiko dute zehazki. Noarben ustetan, funtsezkoa delako haurrek, txikitatik, erreakzio bizkor bati esker larrialdi egoera errealei aurre egiten jakitea.
Praktikoak izango dira saioak; etxeko txikiak parte aktibo izango dira, eta askotariko funtzioak ezagutzen joateko txandakako sistema erabiliko dute.
Horrelako ikastaro bat jaialdi batean antolatzen lehen aldia bada ere, dagoeneko hainbat ikastetxeetan eskaini izan da, eta ikasleen artean oso harrera ona izaten ari direla nabarmendu nahi izan du antolatzaileak.
Plaza kopurua mugatua denez, aurretiazko izen-ematea egin beharko da tailerrean parte hartu ahal izateko, arabaeuskaraz@armentiaikastola.eus helbide elektronikoan