1.113 lasterkarik parte hartuko dute 'Gasteizko Mendiak' lasterketan

Esti Lanao 2019ko eka. 13a, 09:11
X. edizioko proba. / Irudia: Manuel Iradier Txangolari Elkartea

Ibilbideak 62 kilometro eta 5816 metroko desnibela du. Uribarri-Jauregitik abiatuko dira partaideak, 06:00etan.

Manuel Iradier txangolari elkarteak eta Vital fundazioak antolatutako Gasteizko Mendiak probak datorren larunbatean, hilaren 15ean, izango du hitzordua. Goizeko seietan hasiko da Uribarri-Jauregitik eta, Gasteizko Mendiak zeharkatu ondoren, Cervantes pasealekuan izango du amaiera.

Hala, fondo handiko lasterketaren XII. edizioan parte hartzeko 1.113 lagunek eman dute izena. Korrikalariek Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendiz, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel tontorrak egingo dituzte. Lasterketa hasi baino berrogei minutu lehenago, hainbat autobusek eramango dituzte partaideak lehiaketaren irteera lekuraino, Mendizorrotza estadioaren alboan. Ibilbidea osatzeko denbora 20:00etan amaituko da.

Gasteizko hegoaldean egingo den proba etapa bakarrean garatzen da. Gailurren altuera xumea bada ere, metatzen den desnibela 5816 metrokoa da eta 62 kilometroko distantzian zehar banatzen da. Hortaz, desnibel horrek gogortasun nabarmena ematen dio probari.

Sortu zenetik, 1997. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko mendi-proba ezagunenetarikoen artean finkatuz joan da. Hala, Euskal Herritik etorritako korrikalariez gain, beste erkidego eta herrialde batzuetakoak ere erakarri ditu lasterketak.

Apuntatzeko kupoa hiru ordutan bete zen, izena emateko epea ireki zen egunean bertan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide