Uretako azeri buztana (Myriophyllum aquaticum) espezie inbaditzailea ezabatzeko lanetan dihardu Uraren Euskal Agentzia URA, Lopidatik gertu. Gasteizko akuifero kuaternarioan azaleratzen den urmael txiki batean atzeman zuten landarea 2018. urtean, Zadorra ibaia elikatzen duena eskuin ertzetik. Lehenbiziko aldia da Amazonas arrokoa den landarea aurkitzen dutela EAEn.
URAk jakinarazi duenez, herritar batek atzeman zuen landarea iragan urtean, eta ur-ikuskariari jakinarazi zion landaredi-mota berri bat zegoela inguruko nekazariek ura hartzeko baliatzen duten baltsa batean. Ordurako Myriophyllum aquaticum tokiko lentejuela lekualdarazten hasia zen, eta oso azkar ugaltzen ari zen. Hasierako foku horrek 120 metro koadroko zabalera bat estali zuen urmaelaren inguruan. Ale guztiak 0,5 eta 1,0 metro arteko sakonerako tarte batean dira, korronte txikiko tarte batean.
2019ko otsailean ekin zioten espezie inbaditzailea kentzeko lanei. Hartara, jardun mekanikoak zein kimikoak saihestu zituzten eta jute-manta biodegradagarri bat erabiliz aleak estaltzen egon dira, argiak eman ez ziezaien. Orduz geroztik, ekintza horien emaitzak ezagutzeko jarraipena egiten ari da URA eta orain arte, bederen, ez da atzeman foku berririk.
Apaintzeko landare bezala erabiltzen ohi da, batez ere etxeko akuarioetan. Oso zaila da landare exotikoaren ugalketa kontrolatzea.