Erakusketa, antzerkia eta musikarekin ospatuko dute ARTgia-ren bigarren urteurrena

Erredakzioa 2019ko eka. 11a, 11:34
Alba Tojo, Miren Narbaiza, Irantzu Lekue eta Belen Nevado, ARTgia parean. / ARTgia

Belen Nevado, Mice eta Alba Tojo sortzaileak izango dira protagonista Judimendiko jaiekin batera ospatuko duten urtebetetzean. 

"Sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa bultzatzeko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea xede". Helburu horiekin jaio zen duela bi urte Irantzu Lekue artista arabarrak gidatutako ARTgia espazioa, eta egindako bidea ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte ekainerako, Judimendi auzoko jaiekin batera. Mice, Belen Nevado eta Alba Tojoren eskutik antzerkia, musika eta erakusketa berri bat prestatu dituzte Gasteizko Jose Lejarreta kaleko espazioan.

"Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta joan dira", Lekuek berak gogoratu moduan, eta aurrerantzean ere hala izateko asmoa du, ekainerako antolatu dituzten proposamenek erakutsi moduan.

Hala, ekainaren 17an, Alba Tojo artista arabarrak bere lehen erakusketa indibiduala aurkeztuko du. "Pintura eta collagearen arteko muga non dagoen bilatzen saiatzen naiz, aurpegien esperimentazioaren bidez irits daitekeen tokia bilatuz", azaldu du zuiarrak. Teknika tradizionalen eta berrien nahasketa, esperimentazioa lantzen ditu Tojok, eta horren bilduma aurkeztuko du ARTgian.

Tojoren erakusketarekin batera, Altxa zutik eta egin txiza umore ikuskizuna aurkeztuko du Belen Nevado antzerkigile gasteiztarrak. "Emakume batek zutik txiza egitea ez da soilik matxinada ekintza bat, osasungarria eta higienikoa ere bada, eta parrandako isurkariak libratzeko kalean leku bat bilatzeko estuasunetik ateratzen zaitu". Ekainaren 18tik 23ra arte eskainiko du Nevadok mikro-antzerkia, 20:30ean eta 21:30ean.

Miren Narbaiza-ren eskutik helduko da musika ARTgiara, ekainaren 18an. Sorgunearekin batera, bi urte beteko ditu MICEk ere, eta proposamen berriak ere eramango ditu aretora: "Ni neu ere sormen momentu batean nago, eta halako areto bizi bat aukera aproposa izango da esku artean dudana eskaintzeko, inprobisatzeko eta sortzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide