Hamabi konpainia izango dira Txotxongilo txoroak jaialdian

Erredakzioa 2019ko eka. 10a, 16:33
Panta Rhei taldeak 'Tira aurrera' lana eskainiko du. PANTA RHEI

Uztailaren 7an hasiko da 2019ko Txotxongilo txoroak Gasteizen; lan bakarra izango da euskaraz.

Uztaileko eta abuztuko igandeetan eta irailaren lehen igandean egingo da Txotxongilo txoroak Gasteizen jaialdia. Hamabi taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta lan bakarra izango da euskaraz, Pantha Reiren Tira aurrera obra. Ikuskizunek hiriko alde zaharra eta erdiguneko oinezkoentzako eremuko plazak eta txokoak hartuko dituzte; halaber, ikuskizun bat izango da Arriagako parkean, abuztuaren 18an. 

Gainera, hatz-txotxongiloen erakusketa eta horiekin antzoki txikiak egiteko lantegiak izango dira Goiuri jauregian. Uztailaren 6an inauguratuko da erakusketa, eta familientzako bi lantegi izango ditu, uztailaren 6an eta 8an. Txotxongilo teknika desberdinak erakusten dituzten hamabi ikuskizun aurkeztuko ditu jaialdiak; eta horietako bi ikuskizun ibiltariak izanen dira: uztailaren 28an, Cal y canto taldearen El jardín del viento, San Bizente aldapan hasiko da; eta Kataluniako La Baldufa taldearen Zepellin lana, San Antonio kalean. Florida parkean kutxa eszenikoak jarriko dira, eta bertan hainbat istorio kontatuko dituzte. Txotxongilo holografikoekin egindako ikuskizuna ere izango da.

Iazko harrera bikaina dela eta, aurten ere gazte eta helduei zuzendutako ikuskizun bat egingo da, Monstrenka aretoan, El Patio taldearen eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide