Hizkuntza aniztasunari leihoa

Erredakzioa 2019ko eka. 6a, 09:59

Auzoko jaialdia Soraluzen ospatu zuten iaz. PLAENTXI

Auzoko egitasmoan parte hartu duten herriak, tartean Gasteizko taldea, jaialdi batean bilduko dira igandean; euskaraz ez dakitenak euskarara gerturatzeko helburua du ekinaldiak.

Euskaltzaleon Topagunearen ekimenez, Auzoko izeneko egitasmoa martxan duten herri guztietako parte-hartzaileak Aretxabaletan (Gipuzkoan) elkartuko dira igande honetan, ekainaren 9an, goizeko 11:00etan hasita. Jaia, baina, herritar guztiei zabalik egongo da, eta, horretarako, adin tarte guztietara egokitutako egitaraua osatu dute. Euskara erdigunean jarrita, jatorri ezberdinetako hizkuntzak eta kulturak ezagutzeko aukera emango du jaialdiak. 

Lehenik ekitaldi txiki bat egingo dute Herriko Plazan. Ondoren, Auzokoko saioetan egiten diren dinamikak ezagutu eta horietan parte hartzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Haurrek ere izango dute beren txokoa, munduko jolas eta eskulan tailerrekin. Horrez gain, jatorri ezberdinetako janaria probatzeko aukera egongo da, eta plaza dantzen saio batekin emango diote amaiera festari. 

Gasteizen taldea 

Urte osoan egindako lanaren erakusleihoa izaten da Auzoko Jaia, Topagunetik azaldu dutenez. Aretxabaletarekin batera, Gipuzkoako beste hainbat herritan –Eskoriatza, Soraluze, Arrasate, Bergara, Donostia, Ibarra, Oñati– eta Gasteiz dira gaur egun egitasmoa martxan duten herriak. Euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatzeko helburuarekin, astero biltzen dira taldeak, ordu eta erdiz euskaraz aritu eta ongi pasatzeko. Talde horietan ezinbestekoak dira euskal hiztunak ere, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta elkarrengandik ikasteko. 

Egitaraua:

Ekainaren 6a, osteguna, Arkupen: 'Bizimodua berreraikiz' dokumentalaren emanaldia. Ondoren solasaldia Amaia Txintxurreta, Djamila Zereiby, Amelia Barquin eta dokumentaleko gazteekin. 

Ekainak 9, igandea, Herriko plazan: 

10:30. Diana dultzaineroekin.

11:00. Ongi etorri ekitaldia.

11:30. Auzoko dinamikak.

12:30. Munduko janarien dastaketa. 

13:30. Dantza plaza saioa.

14:30. Amaiera.

12:30etik aurrera haurren txokoa izango da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago