Zabalgana Euskara Taldea aurkezteko ekitaldi sorta prestatu dute

Erredakzioa 2019ko eka. 6a, 09:56

Islandian egindako bidai bati buruzko 'EHxpedizioa' hitzaldia eskainiko dute. /Pixabay

Islandiari buruzko hitzaldia, kantujira edota ardo dastaketa antolatu dituzte hurrengo asteetarako.

Zabalganako euskaltzale talde batek Zabalgana Euskara Taldea (ZET) sortu du, auzoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko asmoz. 

Taldea aurkezteko asmoz, datozen asteetarako ekitaldi programa bat prestatu dute. Hala, ekainaren 12rako antolatu dute lehendabizikoa; dinamikaren aurkezpena eta ezagutza jolasak egingo dituzte Antoni Tapies parkean, 17:30ean. Egun berean, 19:30ean, EHxpedizioa izeneko hitzaldia eskainiko dute Aitor Fernandez de Ortegak eta Iratxe Ayala Alvarezek, Islandian zehar egindako bizikleta bidai baten inguruan; Zabalganeko gizarte etxean izango da hitzaldia.

Ekainaren 18rako, berriz, ardo dastaketa antolatu dute; 19:30ean izango da, auzo elkartean. Eta ekainaren 26an, 19:00etan, mintzodromo bat izango da Bastida plazan.

Uztailean ere izango da jarduerarik. Uztailaren 10ean familiek euskaraz jolasteko "Altxorraren bila" jokua izango dute, 17:30ean, Burandongo Gatzagak parkean. Eta, uztailaren 13an, Bastida plazatik abiatuko den Zabalgana Kantuz kantujira izango dute, auzoko jaietako programaren barruan.

Sustatzaileek azaldu dutenez, taldea irekita dago auzoan euskararen alde lan egin nahi duen edonori. ZET-etik mota desberdinetako ekimenak antolatuko dituzte adin guztietako auzokideentzat. Eta jarduerak euskaraz prestatzera animatzen direnentzat edota taldearen dinamika ezagutu nahi dutenentzat zabalganaet@gmail.com helbidea igorri dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago