Erabilgarri dago janaria zaramara botatzea eragotzi nahi duen aplikazioa

Erredakzioa 2019ko eka. 5a, 20:25
Hainbat jatetxe eta dendak alta eman dute aplikazioan. /To Good to Go

Gasteizko zenbait denda eta tabernek bat egin dute dagoeneko 'To Good to go' mugikorretarako app plataformarekin.

Jatorrizko ideia 2016an sortu zen Danimarkan. Lagun talde batek, bazkari baten ostean, egoera onean zegoen janaria zaramara botatzen zela ikusirik, ohiko jarrera horren kontrako zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen. Hori izan zen 'Too Good to Go' izeneko aplikazioaren jatorria eta orduz geroztik herrialde ezberdinetan izan du zabalkundea.

Azken asteotan jakinarazi dute dagoeneko Gasteizen ere erabilgarri izango dela aplikazioa. Beraz, momentu honetatik aurrera, bi motako parte-hartzaile beharko ditu egitasmoak aurrera egingo badu: janaria eskuratzeko eskaintza egiteko prest dauden establezimenduak, eta bestetik, janaria erosteko prest dauden kontsumitzaileak.

Dagoeneko badira zenbait jatetxe eta denda aplikazioan alta eman dutenak, eta hortaz erabiltzaileak eskuragarri izango ditu bertako produktuak prezio merkean eskuratzeko aukera.

Erabili ahal izateko, aplikazioa mugikorrean instalatu beharra dago lehendabizi. Ondoren, tresnak zuzenean miatuko du gailuaren kokapena, eta, horren arabera, inguruan kokatutako denda, taberna edota jatetxeetako produktuak eskainiko ditu.

Zaramara bota aurretik, azken orduan, produktu sorta ezberdinak jarriko dituzte negozioek salmentan. Okindegiak, fruta-dendak, tabernak... izango dira produktu sortak eskaintzen dituztenak, ohiko prezioaren herena ordainduta gutxi gora-behera. Sorta horietariko bat erosi nahi izatekotan, ordainketa mugikor bidez egin eta ondoren produktuak jasotzera joatea besterik ez du izango erabiltzaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide