Bueltan da musika Falerinan

Erredakzioa 2019ko eka. 1a, 08:30
Egilea: Infraganti Band.

Bigarrenez egingo dute gaurtik Belar Sounds programa Montehermoso kulturuneko lorategian.

Aire librean musikaz gozatzeko aukera izango da, aurten ere, Falerinan, Gasteizko Udalak antolatutako Belar Sounds izeneko programaren bidez. Gaur, larunbata, emango dio hasiera kontzertuen zikloari James Room & Weird Antiqua musika talde bilbotarrak.

Belar Sounds musika topaketen programak sendotzen ari diren taldeen lana ezagutaraztea du helburu. Aurtengo edizioan, urriaren 5era bitartean, denera, 11 kontzertu eskainiko dira Montehermoso kulturuneko lorategian. Euskal Herriko bederatzi taldek hartuko dute parte; horiez gain, Bartzelonako bi talde eta Madrilgo bat igoko dira agertokira.

Hiru gasteiztar

Parte-hartzaile guztien artean, hiru dira gasteiztarrez osatuta dauden taldeak. Ekainaren 23an joko du lehenak: Los Misterios; 2014an sortu zen, rock & roll instrumentalaren eta surf-rockaren ur nahastuetan aritzeko. Uztailaren 7an, berriz, Infraganti Band boskotea itzuliko da Falerinara; Julia Butenkoren ahots bereziak berezko estiloa emango dio emanaldian baxuaz, gitarraz, saxoaz eta bateaz osatutako taldeari.

Moni Garagek itxiko du edizio honetako egitaraua, urriaren 5ean. Besteak beste, Rock & rollaren, Ingalaterrako pubaren, Eskandinavia Ramones-zaleari egindako omenaldien eta Japoniako punk-bluesaren bideetatik doan musika aurkeztuko du.

Kontzertu guztiak asteburuan izango dira, ordu berean: hain justu ere, 13:30ean.

Egitaraua

• Ekainak 1: James Room & Weird Antiqua (Bilbo).
• Ekainak 9: The Young Wait (Donostia).
• Ekainak 23: Los Misterios.
• Ekainak 29: The Romanticos (Tolosa).
• Uztailak 7: Infraganti Band.
• Uztailak 14: Rachel Reyes & The Fireballs (Madril).
• Abuztuak 24: Frank Blackfield Band (Donostia).
• Abuztuak 31: Wax & Boggie (Bartzelona).
• Irailak 7: Komando Funk (Iruñea).
• Irailak 14: Koko Jean & The Tonics (Bartzelona).
• Urriak 5: Moni Garage.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide