Elkarrekin Podemoseko zerrendaburuak, zinegotzi izateko akta jaso aurretik, bere karguari uko egingo diola jakinarazi du. Lopez Castillok bertan behera utzi behar izan zuen hauteskunde kanpaina, erretina-askatze baten ondorioz ebakuntza egin eta gero. Egoera horren eraginez hartutako erabakia omen da orain jakinarazitakoa.
Hiru zinegotzi eskuratu ditu Elkarrekin Podemosek Gasteizko Udalean, eta Lopez Castillo, Gemma Zubiaurre eta Oscar Fernandez izan behar ziren kargu horiek bete behar zituztenak, hurrenez hurren.
Kargua uzteak, zerrendetan laugarren postuan zegoen Garbiñe Ruiz Noriegari egokitzen dio zinegotzi postua. Hain zuzen, Garbiñe Ruizek Batzar Nagusietarako hauteskundeetan ere Batzarkide izateko aukera eskuratu zuen, Arantxa Abeciak gidatutako zerrendan ere laugarren postuan aurkeztu baitzen. Batzarkide izateari uko egitekotan, David Rodriguezek hartuko luke bere tokia Batzar Nagusietan.