Euskal Herriko lehen karpa ibiltaria, iristear

Mirian Biteri 2019ko mai. 28a, 09:43
Berrizen izan da orain arte Gure Zirkua.

Egun batzuetarako sarrerak dagoeneko agortu egin dira.

Oiartzun eta Berrizen arrakasta lortu ostean, Gasteizera heldu da dagoeneko Euskal Herriko lehen karpa ibiltaria. Ostiralean, maiatzak 31, eskainiko du Iker Galartza aktoreak zuzentzen duen taldeak lehen ikuskizuna; eta ekainaren 15era arte egongo da Gure Zirkua ikusteko aukera, ostiral, larunbat zein igande arratsaldetan.

Sei hilabete iraungo du Gure Zirkuaren bigarren denboraldiak. Pasa den urtean egin zuen lehen bira, eta 25.000 ikusle baino gehiago erakarri zituen. Jasotako erantzun bikainak bultzatuta, indarberrituta dator euskarazko lehen zirku ibiltaria. Iker Galartzak azaldu du aurtengo erronka nagusiena iaz ikuskizuna ikusi gabe geratu zirenengana heltzea dela.

Askotariko diziplinak

Hamabi lagunek osatzen dute gaur egungo taldea: Poxpolo pailazoarekin batera, Irati Gonzalez eta Koldo Arakistain akrobatak, Asier Kidam mago gasteiztarra, Ekain Ibarguren malabarista, Garazi Pascual ekilibrista, Iraitz Lizarraga trapezista eta Helene Galartza eta Ane Miren Garcia kontortzionistak daude; Joseba Usabiagak, gainera, aurkezle lanak egingo ditu, Don Martin izenpean. Horiez gain, bi musikari ere baditu Gure Zirkuak: Ibon Mendibil eta Unai Zabaleta.

Proiektua azaltzerakoan honakoa azpimarratu du Galartzak: "Zirku klasikoa da, baina euskal kutsu hori ere badu", eta arabarrei ikuskizunaz gozatzeko gonbita egin die.

Sarrerak internet bidez eros daitezke, hamabi euroan. Zirkuko txarteldegian bertan ere izango dira salgai, betiere oraindik geratzen badira. Egun batzuetarako sarrerak dagoeneko agortu egin dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide