Alkatetza berretsi du Gorka Urtaranek

Erredakzioa 2019ko mai. 26a, 23:53

EAJk irabazi ditu Gasteizko Udalerako hauteskundeak. / Alea

Babes zabala jaso du EAJk, zazpi zinegotzirekin; beste aldean, kolpe nabarmena izan du PPk, lehen postutik laugarrenera igarota.

EAJk irabazi ditu Gasteizko Udalerako hauteskundeak, Gorka Urtaran buru, 28.240 botu eta zazpi zinegotzirekin; joan den legealdian baino bi eserleku gehiago eskuratu ditu. 

EAJ eta PSEren gobernuari babes zabala eman diote gasteiztarrek; inkesta guztiek esaten zutenaren kontra, ezustekoa eman du Maider Goikoetxea zerrendaburu duen alderdi sozialistak, eta bigarren lekua eskuratu du 25.524 botu eta sei zinegotzirekin.

Seina zinegotzirekin, baita ere, hirugarren lekua beteko du EH Bilduk; inkestek iragartzen zuten lehiatik urrun, 24.529 botu eskuratu du koalizio abertzaleak.

Kolpe nabarmena jaso du Leticia Comeron buru duen Alderdi Popularrak; lehen indarra izatetik laugarrena izatera igaro da, 22.994 boturekin.

Azkeneko eserlekuak Elkarrekin Podemosek beteko ditu; Fernando Lopez Castillok gidatutako alderdiak hiru zinegotzi eskuratu ditu, eta 11.774 botu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago