Rokodromoen gatazka "larriagotu" dela uste du Eskalatzaileak Sutan plataformak

Erredakzioa 2019ko mai. 23a, 18:32

Eskalatzaileak Sutan plataformako kideek egindako bilera bat. / E. Sutan

Baldintzak ikusirik, rokodromoak irekiko diren egunean "boikota" egitera deitu dute erabiltzaileek.

Udal rokodromoetako erabiltzeek, Eskalatzaileak Sutan plataformaren barruan, gatazka "larriagotu" egingo dela uste dute. Hamar hilabeteko itxieraren ostean, Udalak amaitutzat eman du afera, eta rokodromoak hilaren 24an irekiko direla iragarri du, baina eskalatzaileek arazoa ez dela konpondu adierazi dute, hemendik aurrera izango diren baldintzak ikusirik: "Eskalatzaileak, langileak eta orokorrean, hiritarron beharretan pentsatu beharrean, Udalak interes partidistekin eta pribatizazioaren bidetik jarraitu nahiarekin ireki ditu udal instalazioak".

Plataformatik nabarmendu dutenez, itxiera aurretik zegoenarekin alderatuz, irekiera ordutegia %40 murriztuko dute aurrerantzean. Halaber, eskaintzen ziren eskalada ikastaro ezberdinak ezingo direla aurrera eraman esan dute, "ez eskalada hastapenekoak ezta inongo beste ikastarorik ere". Erabiltzaileen esanetan, hiru lagun lanik gabe geratuko dira, eta Ebone enpresaren eskuetan geratuko da rokodromoen kudeaketa. "Interneten bilaketa azkar bat eginda, lan baldintza prekarioen ondorioz izandako lan gatazka ugariak azaltzen zaizkigu".

Instalazio publikoentzat halako kudeaketarik ez dutela nahi nabarmendu dute ohar batean, eta zerbitzu publikoen zerbitzu zuzena eskatu dute. Hala, egoera honetan, rokodromoei boikota egitera deitu du Eskalatzaileak Sutanek, eta elkarretaratze bat deitu du ostiralerako, hilaren 24rako; Salburuko gizarte etxean izango da, 18:00etan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago