Hauteskunde egunak, hautagaien perlak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mai. 24a, 09:27

Klasikoen artean klasikoena aukeratu dute alderdi politiko nagusiek herrialdean kanpaina egiteko.

Hauteskunde egunak zoragarriak dira ikusteko alderdi politikoak hamabost eguneko epean zenbat proposamen egiteko gai diren, hautagaiak ezohiko egoeretan nola moldatzen diren, eta komunikazio taldeen ateraldiekin gozatzeko.

Horra hor adibide batzuk: 

oyarzabal

Landa-eremura bisita.

Hiriburutik landa-eremura hurbiltzen dira maiz hautagaiak kanpainan, herri txikietan bizi diren herritarren eta batik bat nekazarien bozka bila. Maiatzaren 15ean, San Isidro egunarekin batera, PPko Iñaki Oiarzabal ahaldun nagusigaia Olabarrira hurbildu zen, lehen sektorea defendatuko duen Aldundia aldarrikatzeko. Traktore baten ondoan egin zituzten kanpainako argazkiak PPko eledunek, baina buzo urdina jantzi gabe.

 

Ospetsuen xarma. 

Pertsonaia ospetsuak hautagaiei babesa ematen agertzea ohikoa da kanpainan. Hala egin du hauteskunde hauetan Bernardo Atxagak, askoren harridurarako. Miren Larrion EH Bilduko alkategaiaren alde botoa eskatu du idazleak, eta zazpi arrazoi eman ditu hautagaitza babesteko: Larrionek Udala ezagutzen duela, zabaltasuna aldarrikatzen duela, emakumea dela, euskaldun berria, gazteak ezagutzen dituela eta ingeniaria dela "eta ez idazlea"

 

Umeek inguratuta.

Umeak hauteskunde kanpainako nahigabeko protagonistak bilakatzen dira sarri. Denok dugu gogoan 2008an Rajoyk aipatu zuen haurra, eta umeei puxikak banatzeko ohitura ere oso zabalduta dago oraindik. Umeak ez dira falta izan EAJren kanpainan; sare sozialetan zabaldu dute jeltzaleek Gorka Urtaran alkategaiaren argazkia, maiatzaren 12an, Mendizorrotzean ospatu zen Basket Capital baloialdian, umeek inguratuta.

 

Arrosen banaketa.

Klasikoen artean klasikoena da PSE-EEren arrosa gorrien banaketa. Hauteskunde kanpaina honetan, gainera, egunero hiru arrosa-banaketa egin dituzte PSE-EEko hautagaiek eta militanteek Gasteizko kaleetan; lan horretan aritu dira, besteak beste, Estibaliz Canto orain arte Gasteizko Kultura zinegotzia izandakoa eta sozialisten zerrendaburu Maider Etxebarria. Nazioartean arrosa gorria sozialdemokraziaren ikurra da.

 

Txapela buruan… 

Hauteskunde kanpaina abiatzen den momentutik hautagaia eta bere ekipoa gauzak egiten hasten dira, neurri gabe, lantegietara joaten dira, merkatuetara, herrietara, museoetara, auzo elkarteetara, agerraldiak egiten dituzte kaleetan… Guztia boto-emailearengana hurbiltzeko eta naturaltasuna transmititzeko asmoz. Elkarrekin Podemoseko hautagai Arantza Abeziak Katedraleko bisitan egindako argazkia ere klasiko bat da

 

Gertutasunetik.

Hiritarrei zuzendutako kanpaina tradizionalen aurrean, herri txikietan kanpainak beste modu batean egiten dira. Masa ekitaldien ordez, harreman pertsonalagoa izaten dute hautagaiek bizilagunekin, eta kasu batzuetan ere etxez-etxe joaten dira boto bila. Gainera, alderdi tradizionalen aurrean badira hautagaitza independenteak tailerretan eta batzar irekietan herritarren parte-hartzea sustatzen saiatzen direnak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide