Galga bakarra, bizikletarena

Juanma Gallego 2019ko mai. 22a, 14:04
Bizikletak mugikortasunetako eta aisialdirako tresna bikaina dela aldarrikatuko dute jardunaldietan. / UNSPLASH

Emakumeei eta zentzumen urritasuna duten lagunei tarte berezia eskainiko diete aurtengo Gasteizko bizikletaren astean, bai hitzaldi zein tailerretan. Gaiari buruzko horma-irudia ere margotuko dute.

Zifrak ez datoz bat. Bi aste irauten du Gasteizko bizikletaren asteak: maiatzaren 27tik ekainaren 9ra arte. Ekimenak hartu duen indarraren seinale da hori, urtez urte egonkortu baita hitzordua. Gasteizko Bizikleteroak taldeak ekin zion aurrenekoz bizikletari eskainitako lehen astea antolatzeari. Hasieran lagun talde baten ekimena izan zenak martxa eta ibilbide propioa hartu du. Maldan gora batzuetan, baina, betiere, gogotsu.

Lehen horiek zer desberdin ziren ondo du gogoan Bizikleteroak taldeko kide Diana Paniaguak. "Hasiera batean Aldabe gizarte etxean baino ez genuen egiten, eta kartelak eta bestelako materialak ekoizteko orduko Vital Kutxaren laguntza baino ez genuen. Baina gauzak dezente handitu dira orain". Era horretan, hiriko gizarte etxe desberdinetan daude sakabanatuta orain ekitaldiak, eta, parte hartzen badu ere, Bizikleteroak elkarteak ez darama antolaketaren ardura. Hasierako helburua, baina, ez da aldatu: bizikletaren atzean dagoen bizi filosofia bultzatu nahi dute.

Gasteizko Bizikletaren astearen XVIII. edizioan emakumeei eta zentzumen urritasuna duten lagunei emango diete protagonismoa. Asmoa ekintza zehatzetan gauzatuko da. Arabako Gorrak eta Itxaropena taldeek parte hartu dute aurtengo ekitaldien prestaketan.

Bizikletari buruzko horma-irudi berria egingo dute hirian, Werckmeister ahizpen laguntzaz.

Bai lurralde urrunetan izandako abenturak zein etxe atarian dauden aukerak, horretarako guztirako bidea ematen du aurtengo egitarauak. Hasiberrientzat, bizikletan trebatzeko moduko tailerrak ere antolatzen dituzte. Hau da, gainera, gogobetegarriena antolaketa lanetan ari direnenentzat, Paniaguak aitortu duenez. "Parte hartzen duten gehienak emakumezkoak dira, eta oso urduri jarri ohi dira. Zerotik hasita iristen dira gehienak, edo oso txikitan ibili zirenak eta ahaztu dutenak. Baina, behin bukatzean, gehienak bizikletaren gainean ateratzen dira: zirrara antzematen zaie aurpegietan, eta hau zinez polita da."

Ikasteko gogoz

Bizikletaren mekanikari buruzko tailerrak ere prestatu dituzte; horietako batzuk soilik emakumeentzat izango dira. Gaur egun horrelako ekimenen beharra gizartean barneratuta dagoen arren, hau ez da beti horrela izan, Paniaguak gogoratu duenez. "Elkartean ere batzuetan emakumeentzako ikastaroak antolatu genituen, eta, hori egin genuenean, hainbat protesta entzun behar izan genituen. Tailer horien helburua sinplea zen: konturatu ginen ikastaro mistoak antolatzen genituenean, askotan emakumeak pixka bat atzerago geratzen zirela. Gizonezkoak mekanikan trebatuago zeudenez, beti gehiago zekiten. Berdin bizikletan ibiltzen ikastean. Kuriosoa da batzuetan gertatu dena: batzuetan senarrak bota behar izan ditugu ikastaroetatik, emazteei aginduak ematen hasten zirelako. Egoerak ez zuen ez hanka ez bururik: artean ez ziren kezkatu emazteari irakasteaz, baina, bat-batean, ikastaroan hasten ziren irakasten".

Aurten, bada, mendiko bizikletan aritzen den emakume talde batek BTT bizikleten mekanikari buruzko oinarrizko ikastaroa prestatu du, emakumeei begira. "Horrelako kirol bat egitean, mekanikaren inguruko gutxieneko ezagutzak ez badituzu, mendian botata geratzeko arriskua duzu", argudiatu du Paniaguak.

Urritasuna ez da arazo

Bizikletan ibiltzeko galga bakarra bizikletarena izan behar dela berresteko, aurtengo jardunaldietan zentzumen urritasuna duten lagunen testigantzak izango dituzte. Hitzaldietako bat gorra den Jose Luis Garcia Ginard bidaiariarena izango da: entzuteko gaitasunik ezak ez dio mugarik jarri azken 15 urteetan mundu osoan zehar bidaiak egiteko; besteak beste, Madagaskar, Kanbodia, Laos, Filipinak, India, Maroko, Argentina edota Txile bisitatu ditu Garcia Ginardek, bizikletan.

Beste testigantza batean, bi bidaiarik erakutsiko dute posible dela bidaiatzea ikusmen urritasuna izanda ere. La vuelta al mundo en ochenta dioptrías izen esanguratsua jarri diote hitzaldi horri, eta asteari hasiera emango dion hitzordua izango da gainera. Azkenik, eta Bizikleteroak elkarteko 20. urteurrena ospatzeko, gaiari buruzko horma-irudi bat egingo dute Iparralde auzo etxeko horma batean.

Horretan laguntzeko,  jendearen parte-hartzea eskatu dute, aldez aurretik izena emanda. Veronica eta Christina Werckmeister artisten laguntza izango dute. Maiatzaren azken astean gauzatu nahi dute ideia, baina, eguraldiaren arabera zehaztuko dituzte data zehatzak. Lekua ez dute kasualitatez aukeratu. "Alboan bidegorri bat dago, eta baita nahiko denbora gorriz ematen duen semaforo bat; Gasteizera sartzen diren gidariek irudia ikus dezaten aproposa, beraz", nabarmendu du Paniaguak.

Izaera hori duen bigarren horma-irudia litzateke Gasteizen, beste bat badagoelako Errekaleorren. "Tira, Udalak astea iragartzeko argitaratu duen foiletoan agertzen da Errekaleorreko irudi hori. Ez dakit nik zer pentsatuko duen Urtaranek, horretaz jabetzen bada".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide