Belaunaldien arteko eguna ospatuko dute ostegunean Txagorritxun

Erredakzioa 2019ko mai. 20a, 14:17
Gazte eta helduek hainbat jarduera egin dituzte elkarrekin. / Etxegorri

ADINztasuna izenarekin, belaunaldi desberdinetako lagunen esperientziak jaso nahi dituzte auzoan.

Auzoa "guztiena" dela aldarrikatzeko asmoz, adin tarte desberdineko lagunak elkartu nahi dituzte hilaren 23an, Gasteizko Txagorritxu auzoan. ADINztasuna izenarekin, adinaren aniztasunari erreferentzia eginez, adin tarte desberdinak erdigunera eraman nahi dituzte, antolatzaileek azaldu duten moduan.

Luis Dorao eta Abendaño ikastetxeak, Miguel de Unamuno institutua, Txagorritxuko nagusien zentro zoziokulturala, Ikastetxetik Auzora, 12 Nubes, Kalez Kale, El Carmen eta Etxegorri auzo elkartekoek hartuko dute parte, auzoan osatzen ari den sarearen erakusgarri. Aurten egin dituzten tertulia eta bestelako ekintzen ostean, ikasturtea amaitzeko jaialdia da ostegunekoa.

San Andres atzeko saskibaloi kantxan elkartuko dira ostegunean, 17:15ean, eta hizlariek dinamizatuta hasiko da saioa. Ostean, nagusien zentroko kideek prestatutako zunba erakustaldi-partehartzailearekin jarraituko dute. Harrera postua ere martxan jarriko dute, bakoitzak bere adina jartzeko pegatinekin, eguneko adinztasuna agerian geratu dadin. Halaber, El Carmeneko ileapaingintza ikasleekin, Unamunokoekin eta Kalez Kalekoekin aurpegia margotzeko eta makilatzeko gunea martxan jarriko dute. Fruta pintxoak egiteko gunea ere egongo da, belaunaldien arteko photocall-a eta txapak egiteko tailerra. Azken honetan, adin desberdinetako emakumeen irudiak egongo dira aukeran eta alboan haien bizitza istorioa azalduta egongo da, historian zehar adin desberdineko emakumeak ere zentrora ekarriz.

Amaitzeko, 18:45ean, Carpe Diem elkarteko kideek Parkour erakustaldia egingo dute eta egunari itxiera emango diote.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide