OrekaTx-rekin bidaia, Artiumen

Erredakzioa 2019ko mai. 16a, 20:09
OrekaTx taldea 19:00etatik aurrera arituko da. / OrekaTx

Museoen Eguna ospatzeko jardueren artean, hilaren 18an, txalapartaren bilakaera azalduko dute ikuskizun berezi batekin.

Museoen Eguna ospatzeko, Oreka TX taldearen emanaldia izango da ekitaldi nagusietako bat  aurten Artiumen. Euskal kulturan hain errotuta dagoen txalaparta eguneratzea eta esperimentatzea sustatu duen taldearen kontzertua, hain zuzen. Izan ere, Nazio Batuen Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) 2019ko Museoen Eguna ospatzeko hautatutako leloarekin egin du bat: Museoak kultur ardatz gisa: tradizioaren etorkizuna. Hilaren 18an izango da saioa, 19:00etatik aurrera.

Oreka TX taldeak ohikoaz bestelako programa bat prestatu du Artiumeko emanaldirako: "Topaketa"  deitu diote saioari. Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak (zurezko, harrizko eta banbuzko txalaparta-jotzaileak), Juanjo Otxandorena bouzouki-jotzailea (Greziako soka instrumentu tradizional bat da bouzoukia) eta Thierry Biscary (ahotsak eta danborra) kide dituela, Oreka TX taldea 2019ko Museoen Egunerako hautatako lelora hurbiltzen saiatuko da, txalapartaren bilakaera erakusteko jendeari.

Erakusketa eta tailerrak

Oreka TX taldearen aurretik, baina, hainbat ekitaldi izango dira. 11:30ean hasiko da adinekoei zuzendutako lantegi batekin. Zatoz eta esaguzu izena eman zaion lantegi horretan, eta Hezkuntzaren arduradun Charo Garaigortaren eskutik, adineko pertsonek baratze eta lorategien zaintzaz duten ezagutzan sakonduko dute, lorategia hobeto mantentzeko ikasteko, batetik, eta, ahal bada, artearen munduarekin loturak egiteko, bestetik, museotik azaldu dutenez.

Bestalde, 11:30etik aurrera, Zientzia Fikzioa izeneko lantegi bat eskainiko dute, denentzat irekia. Lantegiko parte-hartzaileek zenbat material eraldatuko dituzte, etorkizuneko fikzio utopiko edo distopiko batean erabilgarri izango den zerbait bihurtzeko. Larunbatean bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, familiek beste lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute: Gorputza, espazioa eta denbora. Jarduera horretan, mugimenduak, espazioak eta denborak esperientzia performatibo bati emango diote bide.

Asteburuan Artiumera gerturatzen direnek, gainera, Jacobo Castellanoren erakusketa ikusi ahal izango dute; Riflepistolacañon erakusketa ikusteko azkeneko aukera izango da.

Museoen Nazioarteko Egunean Artium bisitatzera joaten direnei eta egun horretarako programatuko jarduera guztietan parte hartzen dutenei Zuk nahi duzuna tarifa aplikatuko zaie, hau da, bisitari bakoitzak erabakiko du zenbat ordaindu nahi duen edo dezakeen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide