Kaleko arteen erakustaldia prest

Erredakzioa 2019ko mai. 19a, 06:00
Ekainaren 7an hasiko da Kaldearte. / GASTEIZKO UDALA

Arte eszenikoen hitzordu klasikoa bihurtu da dagoeneko Kaldearte jaialdia, eta urtez urte errotzen doa gainera. XIV. ediziora iritsi da aurten kaleko arteen erakustaldia.

Zabaltasuna du ezaugarririk nabarmenena: arraroa litzateke norbaitek gustuko ez duen zerbait ez aurkitzea egitarauan. Zirkua, umorea, akrobaziak… barrerako zein hausnarketa sakonetarako tartea egongo da. Bai txikienei zein helduei begira prestatu dituzte antzezlanak eta bestelako erakustaldiak. Proposamen horiek guztiek giro berezia sortzen dute Gasteizko kaleetan; karrikak taula bihurtzen direnekoa, hain zuzen.

Urteroko hitzorduari jarraiki, ekaineko bigarren asteburuarekin batera dator hitzordua: 7tik 9ra, hain justu. Ohiko prestaketez gain, zeregin bereziak hasi dituzte dagoeneko. Adibidez, Teatro del Silencio konpainia txiletarra Rumbo al cementerio izeneko emanaldian parte-hartzeko boluntarioen bila ibili da. 40 izango dira aktore lanetan ibiliko diren arabarrak. El Campillo kiroldegian arituko dira entseguetan. Zehazki zertan arituko diren argitu ez badute ere, "sasoian" egoteko eta 16 urte baino gehiago edukitzeko eskatu dute. Ikuskizun jendetsu horrek erakustaldiaren inauguraziotzat erabiliko dute antolatzaileek.

35 konpainiek osatzen dute aurtengo kartela, iaz baino hiru gutxiago. Horietatik zazpi Gasteizko taldeak dira, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik beste 10 talde etorriko dira. Gainerako taldeak Euskal Herri kanpokoak dira. Egitarauan konpainia gutxiago dauden arren, emanaldien kopurua, aldiz, mantendu da. Iaz bezala, 70 emanaldi egingo dituzte.

Ohiturari jarraiki, estreinaldi batzuk egongo dira:  horietatik bi erabateko estreinaldiak izango dira. Aurten, gainera, orain arte erabili ez diren espazioak baliatuko direla iragarri du Udalak: Lanbideen Udal Lantegi-Eskola, Musikaren ibilbidea eta landa-inguruneko hirugarren espazio bat.

Ikusi hemen egitarau osoa.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide