Ongietorria Lauko Finaleko zaletuei

Umorez, Gasteizen izango diren taldeei turismoa eta gastronomiarekin lotutako proposamenak egin dizkiete.

Gasteizko Udalak, hiru bideo umoretsuren bidez, ongi etorria emango die Euroligako Lauko Finala dela eta hiria bisitatuko duten guztiei. Turkiako Fenerbahce eta Anadolou Efes taldeen, Moskuko CSKAren eta Real Madriden jarraitzaileen neurrira egindako ikus entzunezko piezak plazaratu ditu sare sozialen bidez.

Bideoetan Gasteizko bi pertsona ageri dira, eta ongi etorria ematen die bisitariei era umoretsu eta dibertigarrian. Bi pieza gaztelaniaz dira, eta bestea, euskaraz. Turismoarekin eta gastronomiarekin lotura duten gomendio eta proposamenak sartu dira bideoetan; aste honetan Arabako hiriburura etorriko direnentzat interesekoa izan daitekeen informazioa, alegia. Azpitituluak dituzte turkieraz eta errusieraz, helburua herrialde horietako klubetako zaleek ulertu ahal izatea baita. 

Horrekin batera, hainbat jarduera izan dira Final Fourraren atarian. Udaletxeko fatxadan atzera kontagailua eseki dute, tamaina handiko baloi bat Dato kalean, mila baloi banatu dituzte Gasteizko saskibaloi harrobia osatzen dutenen artean, binilo apaingarriak jarri dituzte paperontzien inguruan Saskiratu hiri Green baten alde lemarekin, pastelgileen elkartekoekin elkarlanean txokolatezko baloitxoak sortu dituzte… Prest da hiria asteburuko ekitaldia hasteko.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide