Etxeko langileen %40 migratzailea da

Mirian Biteri 2019ko mai. 13a, 12:08
Prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. / Alea

Zentzuz Kontsumitu partzuergoak ikerketa bat egin du hiriko zaintza eta etxeko langileen errealitatea aztertzeko.

Etxeko langileen egoera eta zaintzen beharra aztertu duen diagnosia aurkeztu du gaur goizean Zentzuz Kontsumitu partzuergoak. Eskainitako datuen artean, azpimarratu dute zaintza sektorean ari diren langileen %90 emakumeak badira ere, nagusien egoitzen, garbiketa enpresen eta etxez etxeko zerbitzuen gerenteen gehiengoa "gizon zuriak" direla; hain justu ere, gizonezkoak dira irabaziak metatzen dituztenak.

Estibaliz Gomez de Segura gizarte hezitzaileak azaldu du 37.243 etxeko langilek dutela izena emanda Gizarte Segurantzan, eta %37,79 migratzaileak direla. Horrekin batera, nabarmendu du 2017an, enplegatzaileen etxean lo egiten zuten langileen %16 paper gabekoak zirela. Gehienak Venezuela, Nikaragua eta Hondurasetik etorritakoak direla ere azpimarratu du.

Mugarik Gabeko ordezkariak salatu du sektore horretan "ohikoak" direla askotariko eskubideen urraketak. Lan eskubideei dagokionez, azpimarratu du, besteak beste, kontratu gabe egiten dutela lan, bete beharreko funtzioak ez daudela mugatuta, lanaldiak ez direla errespetatzen eta soldata prekarioa dutela. Horrekin batera, arbuiatu dute askotan Gizarte Segurantza gabe lan egiteaz gain, diskriminaziozko tratua jasaten dutela; tartean, eraso matxistak, arrazistak, klasistak eta zenbaitetan sexualak ere jasaten dituztela nabarmendu du.

Egoera horren aurrean, askotariko aldarrikapenak helarazi dizkie lan ikuskatzailetzari, sindikatuei, talde feministei, enplegatzaileei, etxez etxeko langileei eta gizarteari. Eskubideei dagokionez, gaur egungo legedi diskriminatzailearekin amaitu dezatela exijitzearekin batera, sindikatuei sektorearen negoziazio kolektiboa bultzatzea eta zaintzaileen aldarrikapenekin bat egin dezatela eskatu die. Talde feministei, bestalde, langile horien asoziazionismoa sustatu eta sektorearen lan baldintzak ikustarazteko eskatu die. Langileak ahalduntzeko garaia dela ere azpimarratu du Gomez de Segurak.

Aurkezpena, Landatxon

Zentzuz Kontsumitu partzuergoa honako elkarteek osatzen dute: Setem Hego Haizea, Mugarik Gabe eta Medicus Mundi Araba. Ekimen horrek urteak daramatza kontsumo jasangarri eta eraldatzailearen alde egiten, hiru ardatz nagusi lantzen: kontsumo arduratsua, elikadura burujabetza eta zaintzak. Azken honen gainean egindako ikerketaren emaitzak maiatzaren 15ean, asteazkenean, jendaurrean aurkeztuko dituzte Landatxoko gizarte etxean, 19:00etan.

Emaitzak ezagutarazi ostean, lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, eragile ezberdinekin elkartzen eta proposamenak partekatzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide