Belaunaldien arteko besarkada, hormara

Erredakzioa 2019ko mai. 10a, 17:00
'Ongi etorria' izena du San Martin ikastetxeko horma-irudi berriak. / ARTGIA

Ongi etorria izeneko horma-irudi berria osatu dute Gasteizko San Martin ikastetxean, "gizarte pluralaren" ispilu izateko.

Horma-irudi parte-hartzaileak osatu ohi dituzte Irantzu Lekue artista gasteiztarrak eta ARTgia kolektiboak, baina gaur Adriano VI.a kalean zabaldu duten artelanak marka guztiak hautsi ditu. 500 bat lagunek parte hartu dute horren osaketan. San Martin ikastetxeko 425 ikasle eta irakasle, adinekoen egoitzako 25 egoiliar, 20 boluntario eta beste hainbat taldetako 30 kide; horiek guztiek lagundu dute horma-irudia osatzen.

San Martin ikastetxearen horman egindako artelanak amama baten eta ume baten arteko besarkada irudikatzen du. "Belaunaldien arteko prisma" sortu nahi izan dutela adierazi du ARTgia kolektiboak, ohar batean. Besteak beste, modu honetan Ajuria egoitza eta San Martin ikastetxea elkarren artean erlazionatzeko bidea jorratu nahi izan dute. 

Ez da mezu bakarra: Ongi etorria izena du artelanak. Izan ere, horma-irudiak "gizarte anitz berri bati leihoak irekitzea" du xede, proiektuaren zuzendaritza artistikoan ibili den Irantzu Lekueren hitzetan. Irudiaren bitartez gurera datozenei "samurtasunez" ongi etorria eman nahi dietela azaldu du Lekuek, irudia horretarako tresna egokia delakoan.

Norabide horretan, musikaren lengoaia era erabili nahi izan dute. Horrela, sakelako telefonoaren bitartez eskaneatzeko moduko QR kodea jarri dute horma-irudian. Modu horretan, ikusleak aukera izango du Arabako musikariek konposatu edo interpretatutako 100 abesti entzuteko, tokian bertan.

288 metro koadroko lanak beste hainbat mezurekin jokatzeko bidea eman du. Batetik, leiho batean, umeak, gazteak eta adinekoak azaltzen dira, Arkupeko ibilbidea erakusten duen irudi batean. Sebastian Iradier musikariari erreferentzia egin nahi izan diote kokapen hori erakutsita. Beste leku batean, San Martin parkearen egungo ikuspegia irudikatzen da, eta amamaren barruan aspaldiko paisaiak irudikatu dituzte, "iragana eta oraina", lotu nahian.

Hilabete eta erdi eman dute artelan berria osatzeko, eta, orain, jai baten bitartez egin dute horma-irudi berriaren inaugurazioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide