Emakumeen Etxea abian jartzeko beste pauso bat gehiago eman dute. Alde Zaharreko Etxanobe jauregia lagatzea onartu du Gasteizko Udalak, eta egitasmoa bideratzeko 90.000 euroko aurrekontua izango du. “Emakumeen kolektibo eta elkarteek urte luzeetan egin duten lanari esker gauzatuko da laster Emakumeen Etxea, eta elkarrizketari, malgutasunari eta borondateak batzeari esker sortuko da”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Udalak Etxanobe jauregia utziko du "ahalduntze feminista sustatzeko" eta eraikinean Sorginenea etxe feminista proiektuari loturiko jarduerak egiteko. Emakumeen Etxea antolatzen hasteko, lankidetza hitzarmena sinatu du Sorginenea elkartearekin, eta, gainera, Berdintasun Zerbitzuko aurrekontuan 90.000 euroko partida bideratuko du.
Proiektuan bertan definitzen den bezala, Emakumeen Etxea inklusiboa, irekia eta askotarikoa izango da, eta honako helburu hauek ditu: Gasteizko erreferente bihurtzea emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektibo guztientzat, sormena, hausnarketa eta, batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatzeko topagunea izatea, eta dibertsiorako toki erosoa eta ikasteko errespetu- eta ekitate-esparrua izatea.