Sormenaren aldeko apustua berretsi dute Judimendin

Erredakzioa 2019ko api. 30a, 15:15

Bigarren urtez antolatu dute Sugar Kultur Fest jaialdia.

Berrogeita hamar kultura ekimen baino gehiago antolatu dituzte maiatzaren 4tik 12ra bitartean Gasteizko Judimendi auzoan, Sugar Kultur Fest jaialdiaren barruan. Bigarren urtez egingo da ekimena, sormenerako auzoa sortzeko asmoz. Larunbatean abiatuko da jaialdia Araba Euskarazek antolatu duen Gertu egunarekin batera. Goizetik nordic walking, zumba eta bertso emanaldiak antolatu dituzte. Herri bazkariaren ostean, musikaren txanda izango da dj eta musika taldeen emanaldiekin, azaldu du Jose Alberto Santiagok, eguneko koordinatzaileak.

Sugar Fest jaialdia larunbatean abiatuko bada ere, ostiralean Sara Berasaluce artista gasteiztarrak I need. I dont need you erakusketa aurkeztuko due, Irantzu Lekue artistaren ARTgia sorgune & aretoan. 

Asteburuko jardueraz gain, aste osorako ekimenak prestatu dituzte Judimendin. Hala, zazpi egunez kultura ardatz izango duten sormen idazketa tailerrak, abesbatzekin hitzordu berezia, auzoko nagusiekin ibilbide kulturala Judimendiko sekretuak ezagutzeko, herri mugimendua eta auzogintza hizpide izango dituzten hitzaldiak, kontzertuak eto poesia emanaldiak egingo dituzte.

Leire Betolaza jaialdiko arduradunak azaldu duenez, egitaraua auzoak bizi duen suspertzearen ondorioz osatu da: "bultzada soziala sorkuntzara bideratu nahi dugu. Pasa den urritik garatzen goazen parte-hartze zuzenaren bidez, auzotarren berezko baliabideetan oinarritzen gara". Bide horretan, Sugar Lab markoa izan zen aurreneko pausua eta Sugar Kultur Fest da bigarrena, "nahi dugun Judimendi auzoa ikustarazteko, auzo sortzaile izateko aurreneko pausua emateko", esan du Betolazak.

Guztira 30 kolektibo baino gehiago parte hartzen ari dira jaialdiaren antolakuntzan, hala nola, auzo elkartea, Gizarte-Etxea, eliza, Sumendi espazioko kideak, Eoncult elkartea, auzoko artistak, eta ARTgia sorgune & aretoa, "auzo batua, ezagutza eta jakintzatik sorturiko aldaketak erdiesteko".

Lankidetza esparruen garapenaren aldeko apustua egiten duen egitasmo kultural berria da Judimendiko Sugar Kultur Fest. "Auzo sortzailea izan nahi dugu. Antzeko beste esperientziak badira, Bartzelonan, Portugalen, Madrilen edota Irunen. Judimendin ere berea sortzen ari dira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide